Vocentoko El Correo egunkariari emaniko elkarrizketa batean, Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek jakinarazi du hamar bat euskal preso politikori hirugarren gradua eman diela, eta beste 26ri ukatu.
"Erabaki horiek ez dira politikoak, tratamendu-batzordeetako adituen analisi zientifikoetan eta irizpide teknikoetan oinarrituta hartzen dira. Ez dira kapritxoak, Euskadira iristen ari diren ETAko preso askok betetzen dituzte edo betetzear dituzte graduan aurrera egiteko baldintzak".
Hala adierazi du Beatriz Artolazabalek El Correo egunkarian igandean argitaratutako elkarrizketan. Bertan adierazi du Basauri eta Martutenen dauden hamar euskal presori hirugarren gradua eman diotela, nahiz eta ez duen jakinarazi nortzuk diren.
Naizek jakinarazi du, Etxerateko iturriak aipatuz, zortzi presok asteburua kalean pasa dutela.