argia.eus
INPRIMATU
Epai euskarafobo berria
Jaurlaritzaren lan poltsetako euskararen ezagutza irizpideak atzera bota ditu Gasteizko epaile batek
  • EiTBk argitaratu duenez, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. zenbakiko Epaitegiko epaile batek bertan behera utzi du kontu-hartzaileen eta tokiko idazkarien lan-poltsetarako Jaurlaritzak ezarritako hizkuntza eskakizunak. Hala jakinarazi du Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik, agerraldi batean, noiz eta dozenaka alkate eta euskalgintzako eragilek prentsaurrekoa egin duten egunean azken aldiko oldarraldi judiziala salatzeko. Azken epai euskarafoboa hartu duen epailea Rosa Esperanza Sanchez Ruiz-Tello da eta onartu egin du Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialak aurkeztutako helegitea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko uztailaren 13a

Sanchez Ruiz-Tellok atzera bota du euskararen 3. eta 4. hizkuntz eskakizunak exijitzea lan poltsa horiek eratzeko prozesuan.  Zehatz adierazteko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Sailaren 2021eko apirilaren 22ko Aginduari eragingo dio erabakiak. Horren bidez, EAEk toki administrazioko idazkari-kontu-hartzaileen deialdia egin zuen, Bizkaiko toki-administrazioetan Espainiako estatuko hautagaientzat gordetako lanpostuak betetzeko.

Jaurlaritzak 15 eguneko epea du errekurtsoa jartzeko, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik iragarri du hala egingo dutela.

Espainiako Justizia sistemaren webgunean jakinarazten dute Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. zenbakiko Epaitegiko epailea dela Rosa Esperanza Sanchez Ruiz-Tello.