argia.eus
INPRIMATU
Israelekin harremanak eteteari uko egin dio Eusko Legebiltzarrak
  • Eusko Jaurlaritzak Israelgo enpresekin dituen harremanei buruzko inbentario eguneratua egingo du. Legebiltzarrean EAJ eta PSEren bozkekin onartu da proposamena. Sumarrek eta EH Bilduk emendakina aurkeztu dute, harremanak eta kontratuak etetea eskatzeko, baina ezetsi egin dute. PPk eta Voxek inbentarioa egitearen aurka bozkatu dute.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 24a

Gasteizko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio inbentario eguneratua egin dezala “Israelgo enpresekin eta Gazako legez kanpoko okupazioarekin” lotutako jardueretan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresekin dituen harreman ekonomiko eta komertzialei buruz. Inbentarioa nazioarteko zuzenbide humanitarioan eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarritu behar da, harreman horiek “indarrean dagoen araudiaren” arabera izan daitezen.

Legebiltzarreko eztabaidan Diana Carolina Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak haratago joatea eta "Eusko Jaurlaritzak Israelekin dituen harreman ekonomiko, komertzial, kultural eta kirol harremanak haustea" eskatu du, "herri palestinarraren aldeko apustu ausarta egiteko". Koalizio soberanistak eta Sumarrek emendakina aurkeztu dute horretarako, baina ezetsi egin dute. Ondorioz, bozketan abstenitu egin dira. PPk eta Voxek aurka bozkatu dute. Eskuin muturreko alderdiak “antisemitismoa” ikusi du proposamenean.

Ebazpena onartu da EAJren eta PSE-EEren bozkekin, exekutiboko alderdiek legebiltzarrean duten gehiengoaz baliatuta. Eztabaidan, Maitane Ipiñazar EAJko legebiltzarkideak gaitzetsi du zenbait talde saiatu izana Eusko Jaurlaritza Palestinako herriaren alde "nahikoa egiten" ari ez dela irudikatzen. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritza giza eskubideen urraketen konplize den CAFen akzioduna dela.