Emakunde sailez aldatzearekin izandako kexa eta protesta oldeari, Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna arbuiatu du Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak ohar bidez. Honen arabera, berdintasunaren arloan izandako “suspentsoa faltsutu” nahi du Urkulluren gobernuak, horretarako “konfiantza-botoa” eskatuz.
Emakunde Lehendakaritzaren ardura izatetik Berdintasun sailera igaro da Eusko Jaurlaritzaren agintaldi berrian. Hala, “Berdintasun-politika publiko duinen alde” manifestua kaleratu dute, eragile, langile, arduradun politiko-ohi eta teknikari ugarik, eskatuz erabaki hori berriz aztertzeko. Bizitzak Erdigunean koordinadoraren ustez, Emakunderen “degradazioaren” aurkako salaketa aho batekoa izan da mugimendu feministan.
Salaketa horri “konfidantza-boto” bat eskatuz erantzun dio Jaurlaritzak, baina koordinakundearen ustez “ez du konfiantzazko botorik eskatzen, begiak itxi ditzagun eskatzen du”. Ohar bidez azaldu duenez erakundeari zentraltasun hori kentzeak “bereizkeriaren kausetan eragiteko eta horiek eraldatzeko gaitasuna kentzen dio”.
Sailez aldatuta ere edukiak “sakonean” ez direla aldatuko adierazi du Idoia Mendia EAEko lehendakariordeak, baina koordinadorak nabarmendu du bistakoa dela egiturak edukiari eragiten diola, “are gehiago administrazio publikoen egitura hierarkikoen kasuan”. Salaketari erantzuteko, bestalde, berriz ere “emakumeak erabiltzea” egotzi diote Jaurlaritzari, euren esanetan bi emakume sailburu izan baitira erreklamazio publikoari erantzuten aritu direnak.
“Laburbilduz –dio koordinadorak oharrean–, badakigu gai hauek ez direla xamurrak: administrazio publikoen organigramak, zeharkako politikak; eta, konplexutasun hori aprobetxatuz, gobernuak herritarrak engainatu nahi ditu soinu oneko hitzak erabiliz (konfiantzazko botoa, guztion onurarako lana, forma alde batera utzita edukia dela garrantzitsua…), hori komunikazio-estrategia hutsa da: benetako argudiorik gabeko irudikapen hutsa”.
Bizitzak Erdigunean-ek “lanean eta borrokan” jarraitzeko asmoa agertu du, “baina ez zuekin gobernuko jaun andreak, adarra jotzen ari baitzarete”.