argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritzak 581.000 euro ordainduko dizkio Elizari, Osakidetzan “arreta espirituala” eman dezan
  • 2024, 2025 eta 2026ean ere aipatu diru kantitatea jasoko du Elizak. Hala adostu dute Osakidetzako lehendakari Rosa Pérezek, Bilboko apezpiku Joseba Segurak eta Eusko Jaurlaritzak.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 16a
Gasteizko Santiago ospitaleko eliza. Gasteizko Santiago ospitaleko eliza.

Aurten egin bezala hurrengo hiru urteetan ere 581.616,85 euro ordainduko dizkio Eusko Jaurlaritzak Eliza Katolikoari, ospitale publikoetan “arreta erlijiosoa eta espirituala” egon dadin. Hala erabaki dute Rosa Pérez Osakidetzako lehendakariak eta Joseba Segura Bilboko apezpikuak. “Arreta espirituala geroz eta esangura handiagoa lortzen ari da, osasun zerbitzua geroz eta zentratuagoa baitago pertsona bakoitzaren ongizate eta autonomian”, azaldu dute Jaurlaritzako iturriek.

El Diario hedabideak azaldu duenez, Espainiako Estatuak eta Vatikanoak 1979an onartu eta 2018an eguneratu zuten akordioaren baitakoa da erabakia. Bi aldeek hala erabakitzen badute, lau urtez luzatuko da aipatu akordioa, eta  izan beharreko harreman erlijiosoaz arduratuko da. Zehazki, Eliza Katolikoari baimena ematen dio bere jarduna instalazio publikoetan egin dezan, besteak beste, jaunartzeak, bataioak eta ezkontzak.

Adostutako puntuen artean zehazten da, zerbitzua “iraunkorra” izango dela eta “presentzia egonkorra” izango duela Elizak ospitaleetan. Hortaz, Osakidetzaren eginbeharra izango da kaperak, otoizlekuak eta bulegoak prestatzeaz gain, eskaintza katolikoaren berri ere ematea.

Ateoagoak ala ez?

Osakidetzak berak onartu du geroz eta harreman gutxiago dagoela Eliza Katolikoarekin, eta gizartea geroz eta “heterogeneo eta pluralagoa” dela. Hain justu, 2021ean egindako inkesta batean herritarren %30ak aitortu zuen katolizismoarekin ez zuela inolako loturarik.