argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritza “Margüello kasutik” erretiratu da
  • 2006-2009 urteen bitartean Osakidetzako itxaron zerrendak kanpora ateratzean emandako ustezko irregulartasunengatik hasi zen “Margüello kasuaren” ikerketa 2009an, eta momentu hauetan Bizkaiko Auzitegi Probintzialaren sententziaren zain dago. Zuzenean kaltetua izan den Eusko Jaurlaritzak hasiera batean akusatuei egindako eskaera ekonomikoak erretiratu ditu argudiatuz ondarearen gaineko kalteak “ez direla frogatu epaiketan zehar”, pazienteak behar bezala artatuak izan zirelako eta zerbitzuan gainkosturik egon ez zelako. Fiskaltza bakarrik geratu da akusatuei egiten zaien 6,8 milioi euroko erreklamazioaren aurrean.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 02a
“Margüello kasuko” lau inputatu nagusiak epaiketaren hasieran (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Gurutzetako ospitaleko Kalitateko zuzendari ohi José Carlos Margüello doktorea, Rafael Cerdán eta José Ramón Elorriaga EAJ-k izendaturiko Osakidetzako kargudunak biak (Gabriel Inclán-en sailburuordea izandakoa lehena eta garai hartako Bizkaiko lurralde arduraduna bigarrena) eta María Nieves Fernández izen-mailegatzailea dira “Margüello kasuko” inputatuak. Epaiketan 11 urte arteko kartzela zigorrei eta itxura batean irregularrak diren kontratuen dirua itzultzeko beharrari aurre egin behar izan diete “bidegabeko erabileradun delituen pilaketa mediala”, “administrazioaren aurkako iruzur ilegala” eta “funtzionario publikoei debekatuak zaizkien negoziaketa eta ekintzak burutzea” delituengatik, bere garaian kasuko fiskala zen Carmen Adán-ek zehaztutakoari jarraiki.

Fiskaltzak egiaztatutzat eman zuen Cerdán eta Elorriagak legeria nabarmenki saltatu zutela María Nieves Fernández izen-mailegatzailearen izenean zeuden eta Margüello zuzendaritzat zeukaten bi enpresa pribaturen mesedetan. Bi dira irregulartzat jotzen diren kontratuak, bata 2 milioi euro inguruko balioduna, eta bestea 4,8 milioi euroetaraino goraturikoa.

Fiskaltzaren arabera, Margüello Osakidetzako medikua zen aldi berean, Rehabilidom eta Gestión de Servicios Sanitarios XXI merkantilak eratu eta kudeatu zituen, zeintzuetan María Nieves Fernández ageri zen administratzaile gisa. Fiskaltzak esandakoaren arabera, Fernández hirugarren pertsonen eta administrazioaren aurrean sozietateon titular eta kudeatzaile gisa aurkeztu zen, ustez irregulartzat jo diren kontratuen esleipenerako beharrezko tramiteak burutuz. Honek egindako kudeaketen artean leudeke, fiskaltzak dioenaren arabera, 2006ko otsailean Bizkaiko Osasungintza Zuzendaritzari egindako eskaera bat, kontratista modura alta eman ziezaioten. Teknikoek onespena ukatu bazuten ere, Elorriagak esku-hartu zuen Margüello-ren sinadurak Osakidetzarekin kontratatu ahal izateko. Fiskaltzak defendatzen duenez, Elorriagak esku-hartzea txosten tekniko eta prozedura zein kontrol legal guztiei ezikusia eginez eraman zuen aurrera, Osakidetzako sistema informatikoan formalki erregistratu barik.

2006ko ekainean Gestión de Recursos Sanitarios XXI-ek kontrataziorako eskumena lortu bazuen, astebete beranduago Rafael Cerdán-ek emandako ebazpen batekin konpainiak itxaron zerrendak kudeatzeko beste kontratu bat ere eskuratu zuen. Horretarako, kontratazio publikoaren printzipioen kontra, Osakidetzak “emergentziazko prozedura” erabili zuen, nahiz eta jakin hori ez dela legala enpresa baten mesedetan jardunez gero. Kontratu honen bitartez, Margüelloren konpainiak 1,9 milioi fakturatu zituen. 6,8 milioi euroetara arteko gainontzekoa beste kontratu baten irregulartasunei dagokio, Bizkaiko pazienteen errehabilitazioarekin lotura duena. Hemen ere, ostera, Elorriagak Margüelloren mesedetan jokatu zuen nahierara zerbitzua honi esleituz. Esleipena egiteko martxan jarritako lehiaketa bertan behera utziaz lehenbizi, hautagai bakarreko eta jakitera eman gabeko prozedura negoziatu bati bidea emanez gero. Hautagai bakan hori Gestión de Recursos Sanitarios XXI eta Clínica Indautxuk eraturiko aldi baterako enpresa-elkarte bat zen.

Hasieratik fiskaltza izan da kasuko akusazio bakarra, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek ez baitute eskatu kartzela zigorrik, bai ordea konpentsazio ekonomikoa Justiziak fiskaltzari arrazoia emanez gero. Azkenean, baina, konpentsazio ekonomikoak ere erretiratu egin ditu epaiketan zehar diru publikoaren gainean benetako kalteak eman izana ez dela frogatu argudiatuz. Eusko Jaurlaritzaren abokatu Javier Otaolak esandakoaren arabera, bitartekaritzak ez zuen eragin pazienteak artatu gabe geratzea eta zerbitzua zerbitzuen hitzarmenerako finkatutako tarifa maximoetara doitu zen. Epaiketan zehar ez dira, hala ere, nahieran egindako adjudikazioaren kostua eta lehiaketa publiko bidez egin izan balitz izango lukeen kostua xedatu.