argia.eus
INPRIMATU
Eusko Jaurlaritza da “banku ustela”-ri etxeak erosi dizkion Espainiako Estatuko lehen gobernu autonomikoa
  • Eusko Jaurlaritzak hainbat etxebizitza erosi dizkio Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari (SAREB, gaztelaniazko sigletan), “banku ustela” gisa ere ezagutzen den erakundeari. Finantza erakundeen aktibo toxikoekin lotutako etxebizitzak kontzentratzeko sortu zuten erakunde hori eta EAEko Gobernua da Espainiako Estatu osoan hari etxebizitzak erosi dizkion lehenbizikoa.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 26a
Gasteizko Mariturri auzoko etxebizitzak (argazkia: Unai Fernández de Betoño).

Jaurlaritzak Alokabideren bitartez alokairu sozialean jartzeko erabiliko ditu “banku ustela”-ri erositako etxebizitzak. 742.000 euro gastatuko ditu etxe horien erosketan. Operazioa ez da ekonomikoki oso handia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuarentzat. Nabarmentzekoa dena, ordea, zera da: EAE izango dela SAREBi etxeak erosiko dizkion Espainiako Estatuko lehen autonomia erkidegoa.

2007tik aurrera lehertu zen finantza eta ekonomia krisiak etxebizitzaren alorrean sortu zuen egoerari erantzuteko sortu zuten SAREB edo “banku ustela”. Krisiaren urte gogorrenetan, etxebizitza asko geratu ziren finantza produktu toxikoei lotuta eta horri irtenbide gisa, denak “banku ustel” bakarraren eskuetan kontzentratzeko apustua egin zuen Espainiako Estatuak, erabakiak eztabaida asko eragin zuen arren.

Jaurlaritzak erosi dituen etxebizitzei dagokienez, 2017tik lagapenean zeuden, Urkulluren exekutiboak eta SAREBek hitzarmena sinatu baitzuten etxe horiek alokairu sozialean jartzeko. Aurrerantzean, etxeen jabetza Jaurlaritzarena izango da eta Alokabideren bitartez kudeatuko dira pisuak.

Eusko Jaurlaritza etxebizitza ugari erosten ari da azkenaldian: 2019an ere 506 pisu erosi zituen alokairu sozialean jartzeko. Guztira 50,1 milioi euro gastatu zituen Jaurlaritzak operazio horretan. SAREBi erositako etxeak gehituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 23.000 etxek osatzen dute alokairuan dauden pisuen parke publikoa –batzuk Jaurlaritzarenak dira eta besteak berriz udalenak–.