argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko palindromo ariketak jasotzen dituen lehen liburua crowdfundingean
  • Markos Gimeno Vesgak Crowdfunding kanpaina bat abiatu du 131 AZA. Palindromo ariketak argitaratzeko. 3.000 euroko ekarpena behar du proiektua aurrera ateratzeko, eta jada 2.885 euro lortu ditu Verkami kanpainaren bitartez.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 21
Euskarazko palindromoak jasoko dituen lehenengo liburuak izango duen azala.

Palindromo ariketak bereziak dira.  Ezkerretik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera, bi norabideetan irakur daitezkeen esaldiak dira. Pistei jarraituz, ezkutuko palindromoa aurkitu behar da. Liburua 131 palindromok osatuko dute, horietako asko azken urteotan Zerorajasoa blogean plazaratutakoak.

Lagungarri gisa liburuarekin batera palindromoen itzulpenak jasotzen dituen liburuxka bat ere banatuko da. Bertan palindromoak lau hizkuntzetara itzuliak agertuko dira: gaztelera, frantsesa, ingelesa eta katalana.

500 aleko tirada izango da. Kanpainan parte hartzen dutenen artean banatuko dira eta gainontzekoak liburutegi eta liburu-dendetara bideratuko dira.

Kanpainan parte hartzeko epea apirilaren 12an amaituko da eta 3.000 euroko ekarpena lortzen bada maiatzean liburuak kaleratuak izatea espero da. Liburuaren bi aurkezpen ofizial egingo dira: maiatzaren 12an Ermuko Euskal Liburu eta Disko Azokan eta maiatzaren 17an L'Hospitalet de Llobregaten ospatuko den Club Palindromista Internazionalaren topaketan.

Kanpainan parte hartu nahi ezkero hemen egin daiteke ekarpena.