argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko irratirik ez Alavesen eta Osasunaren zelaietan
  • Egoera berezian berrabiatuko da gaur Espainiako Futbol Liga. Partidak zuzenean eman ohi dituzten irratiengan ere izango du eragina. Euskadi Irratiko esatariak, adibidez, Realaren, Athleticen eta Eibarren zelaietan sartuko ahalko dira, baina ez Alavesen eta Osasunaren estadioetan, Berriako kazetari Urtzi Urkizuk jakinarazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko ekainaren 11
Argazkia: BBC

COVID-19a dela-eta, futbol estadioetara sar daitekeen irrati-kate kopurua mugatu egin du Ligak, eta Euskadi Irratia zerrendatik kanpo geratu da Mendizorrotzan eta Sadarren jokatuko diren partidetarako. Horrek esan nahi du euskarazko irratirik ez dela izango partiden kontakizuna bertatik bertara egiten, ez behintzat Alavesen kasuan. Eta litekeena da Osasunaren kasuan ere gauza bera gertatzea. Lehen momentuan Euskalerria Irratiari ere ukatu egin diote Sadarren sartzeko aukera, baina sartu ahal izango duten irratien artean badago bat zalantzazkoa izan daitekeena. Datozen orduetan edo egunetan erabakiko dute haren gainean. Horren zain dago orain Euskalerria Irratia, Urkizuk azaldu duenez.

Sei irrati kate sartu ahal izango dira estadioetara. Horietako bat RNE da, eta tokiko irrati bat bigarrena. Zerrendako beste lauak AERC irrati komertzialen elkarteak aukeratu ditu, herrialde bakoitzeko EGM medioen ikerketa orokorraren datuen arabera.

EITBko irratiei dagokienez, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak lortu dute Alavesen estadiora sartzeko baimena, Estatu mailako irrati-kate handiekin batera. FORTA irrati eta telebista autonomikoen federazioak Espainiako Ligari eskatu dio irrati publiko autonomiko guztiak akreditatutako hedabideen zerrendan sartzeko, "zerbitzu publikoak" eskaera hori egitera justifikatzen duelakoan.