Atzo argitaratu genituen datuek erakusten dute Donostiako Udal Gobernuaren publizitate instituzionalak hedabideetan jartzen duen publizitatea nagusiki gaztelaniazko hedabideetan agertzen dela. Horren aurrean, EH Bildu koalizioak euskarazko hedabideetan gaztelaniazkoetan adina publizitate jartzeko proposatu du.
Pluraltasuna eta bi hizkuntza ofizial dituen lurraldeko hiztun komunitate euskaldunari zerbitzu publiko berbererak emateko obligazioa aipatu ditu EH Bilduk argitaratutako oharrean. Izan ere, koalizioaren ustez, Donostiako Udal Gobernuak ez du euskaldunok euskaraz informatzeko dugun eskubidea bermatzen.
Atzo argitaratu genituen datuen arabera, Donostiako Udalak hedabideetan 2021ean jarritako publizitate instituzionala modu desorekatuan banatuta dago hedabideen hizkuntzaren arabera. Ia milioi erdi (496.408) euro ordaindu zien gaztelaniazko hedabideei haietan publizitate instituzionala jartzeagatik, euskarazkoei, aldiz, 32.000 euro. Zehazki, El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko hedabide guztiak batuta –Berria, Euskadi Irratia, Gaztea, Irutxuloko Hitza, ARGIA, Aizu, Bertsolari, Gaztezulo, Hamaika Telebista eta Donostia Kultura irratiak– %6,43.
Datu horiek eskuan, Donostiako EH Bilduk euskarazko hedabideetan gutxienez gaztelaniazko hedabideetan adina publizitate instituzional jartzeko proposatu du, hiriko eta herrialdeko euskarazko hedabideetan mezuak bi hiztun komunitateri helarazi behar zaizkiela kontuan izanda. Beraz, koalizioaren ustez, aurten euskarazko hedabideetan jarritako publizitate kopurua bikoiztu egin beharko litzateke, eta igoera horri eutsi beharko lioke Udalak aurrerantzean ere.
Horrez gain, Udal Gobernuak 2020an hiriko euskarazko hedabideen dirulaguntzak murriztu izana ere kritikatu du EH Bilduk. Irutxuloko Hitzari %20 murriztu zioten laguntza, eta Hamaika telebistari %50. Erabakia COVID-19aren ondorioei aurre egiteko hartu bazen ere, aurtengo aurrekontuetan murrizketak iraun duela salatu du koalizioak, eta horrek euskarazko hedabideei oinarri ekonomiko ziur bat ematea eragozten duela, Donostiako Udalaren egoera ekonomikoa ona izan arren.