argia.eus
INPRIMATU
Jaurlaritzaren publizitate instituzionala: ia dena erdal hedabideentzat
  • Eusko Jaurlaritzak publizitate instituzionalaren zatirik handiena erdaraz argitaratzen diren hedabideei ematen diela jakin da aste honetan eta publizitate gastu hori handiagoa dela euskarazkoek diru-laguntzetan jasotzen duten kopuru osoa baino.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 20a
Hekimen elkarteak ordezkatzen ditu euskarazko hedabideak eta bestelako diru-laguntza politika eskatu du.

Iaz 5.649.112 euro gastatu zituen Jaurlaritzak hedabideetan jarritako publizitatean eta diru horretatik %2 baino gutxiago iritsi zen euskarazko hedabideetara.

Urte berean, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak euskarazko hedabideentzat 4.875.000 euro bideratu zituen diru-laguntzetan.

Sustatu.eus-en irakur daitezke Hekimenek bildutako datuak, "2013 publizitate eta komunikazio instituzionalaren memoria" izeneko txostenean oinarritua.

Sustatu.eus-ek egindako grafikoa.

 

Sektoreak bestelako laguntza politika eskatu du

Joan den astean euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak ezohiko batzar orokorra egin zuen eta horren ondoren adierazi zuen diru-laguntza politika aldatzeko premia dagoela.

Egungo ereduaren aldean, ikuspegi estrategikoa izango duen politika eskatu dio Hekimenek EAEko Gobernuari eta horretaz hitz egiteko prest agertu da.

Euskarazko hedabideen finantzazioa eztabaidagai Donostian

Euskarazko hedabideen finantzazioa izan zuten hizpide ARGIAko Gorka Bereziartuak eta Berriako Mikel Arrietak asteazken arratsaldean Donostiako Ikasbide Kultur Elkartean.

19:30ean hasi zen hitzaldia Amara Berri auzoan. Bi komunikabideetako ordezkariek hizpide izan zuten, beste hainbat gairen artean, Eusko Jaurlaritzak aurten euskal hedabideei emandako diru-laguntza, baita banatzeko irizpide berriek sektorean eragin duten egonezina ere.

Ikasbide Kultur Elkartearen Azaro Kulturala programaren barruan egingo dute hitzaldia. Datozen egunetako egitaraua ere ikus daiteke beheko irudian.