argia.eus
INPRIMATU
Filmik euskaraz proiektatzen ez duten aretoetan protesta koloretsuak deitu ditu Pantailak Euskarazek
  • Pantailak Euskaraz herri ekimenak mobilizazioak deitu ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako hiriburuetan, euskarazko ikus-entzunezkorik proiektatzen ez duten zinema-aretoen aurrean. Azaroaren 13an izango da, 17:00etatik 17:30etara. Horrez gain, aste osoko agenda proposamen bat egin dute, non proposatu duten azaroaren 14an, astelehena, ARGIAko dokumentalen kanaleko 488 lanetako bat ikustea.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko azaroaren 08a

Ondorengoak dira protestarako hitzorduak:

Baionako Cgr zinema-aretoan.

Bilboko Zubiarte merkatal guneko Cinesa Zubiarten.

Donostialdean, Usurbilen, Urbil merkatal guneko Cinesa Urbil zineman.

Gasteizen, Boulevard merkatal guneko Yelmo Zineman.

Iruñerrian, Uharte Itaroa merkatal guneko Yelmo zinemetan.

Aste osorako agenda proposamena

Mobilizazio hori nabarmentzen da Pantailak Euskarazek egin duen aste osorako agenda proposamenetik. Mobilizazio horretaz gain, euskarazko edukiak kontsumitzera dei egin dute, egunez egun gune edo programa bat proposatuz. Jarraian egin duten agenda:

Azaroak 11, ostirala: Berria.eus webgunean Berria TB, Berria Ikasgela eta Berria Podcast edukiak ikusi eta entzutea.

Azaroak 12, larunbata: Jokoteknia euskarazko bideo-jokoen jardunaldia (Bilbon, 10:00etatik aurrera), Game Erauntsia elkarteak antolatuta.

Azaroak 13, igandea: Protesta koloretsua hiriburu bakoitzean, inoiz ezer euskaraz eskaintzen ez duen zinema areto batean, 17:00etatik 17:30era. Goian daude hitzorduak.

Azaroak 14, astelehena: ARGIA hedabidearen Multimedia kanalean ikusgai dauden 488 dokumentaletako bat ikustea.

Azaroak 15, asteartea: Hamaika Telebistaren app berria instalatzea eta gustuko duzun saio bat nahieran ikustea.

Azaroak 16, asteazkena: Euskal-Encodings.eus webgunean, ohiko plataformek euskaraz eskaintzen ez dizuten filmetako bat euskaraz gozatu.

Azaroak 17, osteguna: Twitch Euskaraz! 19:00etan, Pantailaldiko boluntarioekin elkarrizketa zuzenean ikustea, Eneko Oroz twitchlariaren eskutik, twitch.tv/ekintaekin kanalean.

Azaroak 18, ostirala: Goazen! telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ikustea, 21:00etan ETB1en.

Aste osoan zehar: Astebetez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea; Zernonikusi.eus webgunean bilatu zein eduki ikus ditzakezun euskaraz streaming plataforma ezberdinetan; Bilboko Zinebi nazioarteko jaialdian filme guztiak euskaraz azpidatzita ikus ditzakezu; Telebista euskaraz ikusi: ETB1, ETB3, Hamaika TB edota tokiko euskarazko telebistak.