argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko eskaintzak gora eginda, eskaria ere nabarmen emendatu da beste behin Iruñeko haur eskoletan
  • Iruñeko haur eskoletako aurtengo aurrematrikulazioetan euskarazko eskaintza handiagoa izan da eta eskariak gora egin du. Iaz eskari osoaren %19,18 izan bazen euskarazkoa, aurten %25,16 izan da. Adibide argigarria da Mendebaldea auzoan gertatutakoa: iaz ez zuten euskarazko aukerarik eman eta eskaririk ez zen izan. Aurten eskaini egin dute eta eskarien %42,41 euskarazko haur eskolarako izan da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko urriaren 14a
Gurasoak Iruñeko haur eskoletan euskarazko plaza gehiago eskatzeko protesta batean, 2020an. Jagoba Manterola /Foku

Nafarroako Gobernuak bildutako aurrematrikulazio datuak irailean eskuratu ditu Administrazioan Euskaraz Taldeak eta datuen balorazioa egin du. Hauxe da taldearen ondorioa: administrazioak euskarazko eskaintzarik egiten ez badu, euskarazko eskaria desagertu egiten da. Familiek ez dute euskarazko haur eskolarik eskatzen, auzo horretan ez zaielako eskaintzen. Administrazioan Euskaraz Taldearen ustez, hala, euskarazko eskaria “ezkutatuta” gelditzen da. Mendebaldea auzoko adibidea eman dute. Orain arte gaztelaniazko eskaintza baino ez dute izan, eta euskarazkoa eskaini dutenean inork ez eskatzetik ia laurdenak eskatzera pasa dira.

Euskarazko eta gaztelaniazko eskaintza guztiak kontuan hartuta, euskarazko eskariek gora egin dute iaztik. Iaz bostena (%19,8) izan zen eta aurten laurdena (%25,16). Beste modu batez esanda, iaz 339 familiak eskatu zuten haurra euskarazkoan matrikulatzea eta aurten 691k.

Euskarazko eskaintza eduki duten haur eskolak kontuan hartuz gero (gaztelaniazko aukera denek daukate), eskarien %40,69 euskarazkorako izan da, iaz baino %1,62 gehiago. Haur eskola bakoitzean hauek izan dira euskarazko eskarien ehunekoak: Txantrean (%52,76), Arrosadian (%47,73), Buztintxurin (%43,90), Mendebaldean (%42,41), Alde Zaharrean (%38,54), Lezkairun (%37,14), Sanduzelain (%35,37) eta Arrotxapean (%25,35).

Administrazioan Euskaraz Taldeak gogorarazi du euskarazko eskaintza handitu behar dela, eta badirela auzoak euskarazko eskaintzarik gabeak: Azpilagaña, Donibane, Mendillorri, Bigarren Zabalgune eta Etxabakoitz.

Taldeak haur eskoletako eredu mistoak balioetsi ditu, euskarazko eskaera dagoela ikusteko balio dutelako. Alabaina, murgiltze ereduaren alde egin du, eredu horrek erakutsi duelako “eredurik eraginkorrena dela euskara barneratzeko”. Gaur egun Txantrea auzoan baino ez dago murgiltze eredua. Auzo horretan, aurrematrikulazioen gehiengo absolutua lortu du ereduak. Iruñeak haur eskola gehiago behar dituela aldarrikatu dute, “eskaeren erdiak baino gehiago plazarik gabe geratu” direlako. “Behar diren eskola berri horietan” murgiltze ereduak sarrera erraza lukeela uste dute, “borondate politikorik balego”.