argia.eus
INPRIMATU
EAEko euskarazko doktorego-tesien datu-base berria abian jarri dute
  • 2007. urtean abiatu zuten TESIKER datu-basea eraberritu dute eta bilaketa aurreratuak errazago egiteko aukera eskaintzen du atari berriak.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 12a
Argazkia: irekia.euskadi.eus

Euskarazko 550 doktorego tesi inguru biltzen dituen TESIKER datu-baseak aurpegia berrituta dakar. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UEUk esan dutenez, helburua "euskarazko goi mailako ekoizpena sustatzea, Euskal Komunitate Zientifikoa trinkotzea eta Sarea euskarazko goi-mailako edukiekin hornitzea" da.

INGUMA deituriko Euskal komunitate zientifikoaren datu-basearekin elkarlanean aritu da TESIKER. Komunitate zientifikoak erregistratuak dituen 763 tesi horietatik jaso dira, hain zuzen ere, euskarazko datu-basean erregistratutako lanak, %70 inguru. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta UEUko zuzendari Kepa Sarasolak adierazi dute datu-base horrek "jakintza arlo desberdinetako ereduak jartzen dituela denen eskura, arlo bakoitzeko ikertzaileei terminologia eskainiz".