137 udal langile daude Tafallan, eta horietatik lau lanpostuk besterik ez dute eskatzen euskaraz jakitea; gainontzeko postuetan euskarak ez du "meritu gisa" ere balio, Administrazioan Euskaraz Taldeak jakitera eman duenez.
Administrazioan Euskaraz Taldeak jarritako kexaren ondotik heldu da Nafarroako Arartekoaren esku hartzea: gomendioa eman dio Tafallako Udalari, "beharrezko neurriak hartzeko" administraziora euskaraz jotzen duten herritarren eskubidea bermatu ahal izateko. Tafalla 2017an sartu zen eremu mistoan, beste 42 udalerrirekin batera.
Taldeak jakitera eman duenez, Tafallako Udalak 137 langile ditu guztira, eta horietatik 133 lanpostuk gaztelaniadun hizkuntz profil elebakarra daukate, eta euskara ez da meritu gisa ere arautzen. Lau lanpostuk baino ez dute euskara eskakizuna betetzen: haur eskolako hiru hezitzailek eta udaleko euskara teknikariak.
Administrazioan Euskaraz Taldeak udalera jo zuen lehenbizikoz, eta honela erantzun zioten: Tafallako Udalak ez dituela aztertuta lanpostuen ezaugarriak eta garatu beharreko eginkizunak, egiteke duela azterketa, baina, hala ere, ez duela herritarren kexarik jaso; eta euskara teknikaria baduela, euskarazko arreta eskaerei erantzuteko.
Arartekora jo zuen taldeak, eta esku hartu du honek. Gomendioa egin dio Tafallako Udalari, gogoraraziz herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko legezko betebeharra duela. Arartekoak emandako jakinarazpena publiko egin du Administrazioan Euskaraz Taldeak: