argia.eus
INPRIMATU
Euskarazko hamasei artista biluztu dira Lanartearen liburu berrian, eta sorkuntzaren lazeriak kontatu dituzte
  • Euskarazko sorkuntzatik bizitzeko dituzten zailtasunak bistaratu dituzte izen handiko hamasei artistak Kultura eta ezkultura liburuan. Bakoitzari elkarrizketa egin, eta kapituluz kapitulu bildu ditu testigantzak Lanarteak. Prentsaurrekoan, Durangoko Azoka ere izan dute mintzagai eta Dani Fano komikigileak zera salatu du: "Guretzat, gastua besterik ez da azoka". 

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko azaroaren 27a
Amagoia Gurrutxaga eta Dani Fano, liburua aurkezten ostegun goizean. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, Lanarteak, ez du liburu berria kasualitatez atera: duela urtebete argitaratutako txostenaren segida da. Inkesta pasa zien Euskal Herrian euskaraz sortzen duten ia 250 artistei, eta titular esanguratsu ugari utzi zituzten datuek. Esaterako, 2023an batez beste, euskaraz jarduten duten sortzaileek 1.027 euro kobratu zituzten hilero. Horrekin ezin da bizi; eta sarri gertatu ohi den moduan, sortzaile ugarik beste ogibide bat dute, lanaldi osoan edo partzialean, diru-sarrerak bermatzeko. Baina txosten horretan bazen beste datu bat: jarduera artistikoa ogibidetzat zutenen artean, hamarretik ia erdiak pentsatu zuen, azken urtebetean, jarduera uztea eta beste lanbideren bat aurkitzea. 

Sortzaile horiek ez ziren hasiberriak, ezta gutxiago ere. Datu horiek hezur haragizko bihurtu dira Kultura eta ezkultura. 16 lekuko eskarmentuko liburuan. Hauexek dira biluztea erabaki dutenak: Kepa Akixo Zigor, Xabier Amuriza, Yolanda Arrieta, Klara Badiola, Itxaro Borda, Mixel Ducau, Andoni Egaña, Dani Fano, Asun Garikano, Edorta Jimenez, Mikel Martinez, Miren Agur Meabe, Xabier Olarra, Joseba Tapia, Mizel Theret eta Arantxa Urretabizkaia.

Liburu honetan agertzen ez bada ere, "striptease fiskala" egin zuen pasa den astean Bernardo Atxagak, Lanarteak eta UEUk antolatutako Euskal Artisten II. Mintegian. Azaldu zuen duela 50 urte hasi zela lanean, 33 urte dituela kotizatuak, horietatik 27 autonomo gisa. Erretiro aktiboan dago eta 401 euroko pentsioa du, "baina gero ez dakit zer kentzen didaten medikua eduki dezadan eta abar, eta 280 euroan geratzen zait", leitu daiteke Berria egunkariko Ainhoa Sarasola kazetariaren kronikan. Erretiro aktiboan ez balego, 700-800 euroko pentsioa jasoko lukeelakoan dago Atxaga, baina ezingo lukeela kobratu idatzi duen azken liburuagatik edo hitzaldiak emateagatik.

"Kontu orokorra da", esan du Lanarteako Amagoia Gurrutxagak, "ez da hasiberriena soilik; liburuan daude honetan 30 urte eta piko daramatzatenak". Salbuespen batzuk badauden arren, arau edo normalitatea dela azpimarratu du. 

"Borondate kontua da"

Urtarrileko azken asteburuan egin ohi da, Anguleman, ziurrenik Europako komiki azokarik handiena. Baina datorren edizioa ez da egingo, autoreek boikoterako deia egin dutelako. "Geldituko dute, bai, geldituko dute, nahiz eta guk baino baldintza hobeak izan", adierazi du Dani Fano komikigileak. Baldintzez dira kexu komikigileak, nahiz eta, Fanok esan moduan, Anguleman eskaintzen zaien lotarako lekua, jantokia, eta sinatze-saioak ere ordainpekoak izaten dira. "Orain Durangoko Azoka datorrela, esan behar da guk ez dugula bidaia-ordaindurik izaten, ez dugula lotarako lekurik edukitzen, ez bada, eguerdiko bokata bezalaxe, gure poltsikotik ordaintzen dugula; guretzat, Durangoko Azoka gastua besterik ez da". 

Eredugarritzat jo ditu Angulemako egileak, boikotera deia egin dutenen jarrera, eta Euskal Herrian ere horrelako zerbait egin beharko litzatekeela iradoki du. "Askotan, hemen, beldurra ematen digu, euskal kultur sistema ahula delakoan", adierazi du Fanok. "AHT fantasma bat egiteko gai bagara, ez al gara gai izango kultura pagatzeko, hondamendi bat sortu gabe?".

Auzi "politikoa" da

"Auzia da kultura euskaraz eta profesionalki egitea erabaki duten sortzaileei zenbateraino eutsi nahi dien, edo eutsi ahal dion, gure komunitateak; auzi hori politikoa da, eta ez dakit politikariek pentsatzen ote duten gure kultura ezinbesteko elikagaia denik gure gizartearentzat". Lanarteako kide Amagoia Gurrutxagak prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok, liburutik hartuta.

Administrazio publikoarentzat oinarrizko bost eskakizun publiko aurkeztu ditu Lanarteak. Gurrutxagak leitu ditu.

  1. Funts publikoa sortzea, jarduera artistikoa ogibide dutenei lanbide arteko gutxieneko soldata osatu ahalko dutela ziurtatzeko.
  2. Administrazio publikoek beren eskakizunak doitzea, zerga, gizarte-segurantza eta burokrazia arloetan, kulturgileen errealitateen betebeharrak kontutan hartuta, euren betekizunak sinplifikatzeko.
  3. Kultur lege, arau, dekretu eta enparauen idazketan ezinbestekoak izan ohi diren inkesta eta lan prospektiboetan, hizkuntza zehar-lerro gisa erabiltzea sistematikoki, generoa, adina, jatorria eta diziplina erabili ohi diren bezalaxe.
  4. EiTB euskarazko kulturaren hedatzaile eta eragile bilakatzea, bere programazioa eta emisio irizpideak egokituta horretarako, saio tematikoak sortuta, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatuta eta erdarazkoa euskaratuta, irratiz zabaldutako musikaren erdia gutxienez euskaraz izango dela ziurtatuta.
  5. Kultur-programazio publikoan ere, gutxieneko kuotak ezartzea, egungo egoera soziolinguistikoa kontutan hartuta eta ez duela hiru hamarkadatakoa.