argia.eus
INPRIMATU
Konpromiso sindikala Donostiako Udalean
“Euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera bermatu daiteke, borondatea baldin badago”
  • Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek ARGIAri azaldu dionez, “oldarraldi juridikoaren erdian, desberdinak diren sindikatuak elkarrekin ikusteak zentralitatea ematen dio halako gai bati”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko maiatzaren 14a
Udal langileen ordezkariak Donostiako udaletxe aurrean, akordioa aurkezteko egunean. Foku / Gorka Rubio

Ez ohiko irudia eskaini zuten duela egun gutxi Donostiako udaletxe atarian Donostiako Udaleko Langile Batzordeko ordezkariek. Euskaraldia dela eta, konpromiso sindikala sinatu dute ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESANek, hainbat punturekin: Euskaraldian modu aktiboan parte hartzea, lehen hitza euskaraz egitea, euskara lan hizkuntza bihurtzea, eta hizkuntza irizpideak betetzea.

Joseba Alvarez LABeko ordezkariak azaldu duenez, Euskaraldia bazetorrela ikusita, eta “oldarraldiaren erdian”, sindikatuan interesgarria iruditu zitzaien gutxieneko konpromiso batzuen inguruan batasuna lortzea. Udaleko Euskara Zerbitzuarekin hitz egin ondoren, Langileen Batzordean proposatu zen sindikatu bakoitzak bere proposamenak bidaltzea zerbitzuari, eta horrek iritzi horiekin guztiekin kontraproposamen bat igorri zien bueltan. “Dauzkagun ideiak alde batera utzi gabe eta poliki-poliki elkarrizketak izan ditugu”, ziurtatu du. Orain sinaturiko dokumentua zehaztu duten arte.

Langileen Batzordean proposatu zen sindikatu bakoitzak bere proposamenak bidaltzea Euskara Zerbitzuari, eta horrek iritzi horiekin guztiekin kontraproposamen bat igorri zien bueltan. “Dauzkagun ideiak alde batera utzi gabe eta poliki-poliki elkarrizketak izan ditugu”, ziurtatu du. Orain sinaturiko dokumentua zehaztu duten arte

Euskaraldiari edukiak eskaini eta konpromisoz bete

“Eguneroko praktika diferenteak dituzten halako bost sindikatu elkarrekin ikusteak, euskararen gaiari zentralitatea ematen dio. Baina, batez ere, Euskaraldiari edukiak eskaintzen dizkio, keinuz eta argazkiz bete ordez konpromisoz bete beharko litzatekeelako, gure ustez”, dio Alvarezek.

Konpromiso sindikalak bi eremu nagusi biltzen ditu. Batetik, langileen parte hartze aktiboa sustatu nahi du, Euskaraldian izena eman dezaten. Bestetik, sindikatuek konpromisoa adierazten dute lantaldeetako bileretan eta lan harremanetan euskaldunak diren ordezkariak izateko, eta hortaz, euskaraz bizi eta lan egin nahi duenari aukera hori bermatzeko. LABeko kidearen iritziz, horrek erakusten du “borondatea baldin badago, oldarraldi juridikoa hor egonik ere, neurriak hartu daitezkeela elkarrizketa bidez, legeak jartzen duena edo ez duena alde batera utzita”.

Beste neurri batzuen artean, dokumentuak jasotzen du, sindikatuek langileekin zein herritarrekin “proaktibotasunez” jokatuko dutela, lehen hitza euskaraz egin edo euskarazko eskaerei euskaraz erantzuteko

Beste neurri batzuen artean, dokumentuak jasotzen du sindikatuek langileekin zein herritarrekin “proaktibotasunez” jokatuko dutela, lehen hitza euskaraz egiteko edo euskarazko eskaerei euskaraz erantzuteko. Gainera, afiliatuak euskalduntze ikastaroetan parte hartzera animatu, eta euskara ahoz zein idatziz erabiltzeko erraztasunak emango zaizkie, baita hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak zabaldu ere.

Hemendik aurrera neurri horiek martxan jartzea dagokie sindikatuei, Alvarezen esanetan, eta langileen batzordeko bileretako puntuetako bat izango da: “Noizean behin atentzioa eman beharko diogu elkarri, konpromisoak betetzeko baitira”.