argia.eus
INPRIMATU
Linguae Vasconum Primitiae
Euskaraz inprimatutako lehen liburua Paristik Baionara ekarri dute, aldi baterako
  • Euskara “mundu guzira” zabaltzeko 1545ean Bernat Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae liburua ikusgai jarri dute Baionako Euskal Museoan, urtarrilaren 11ra arte. Inprimatutako lehen edizio horretatik ezagutzen den kopia bakarra Frantziako Liburutegi Nazionalean gordetzen da, eta aldi baterako Euskal Herrian izango da. ARGIAk erreportaje zabala eskainiko dio datorren astekarian gaiari.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urriaren 13a
Sabina Hourcade

Euskaraz inprimatutako lehen liburuaren jatorrizko ale bakarra Euskal Herrira ekarri dute, aldi baterako bada ere. Bernat Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae Vasconum Primitiae olerki-bilduma originala ikusgai dago Baionako Euskal Museoan. Ale hori Frantziako Liburutegi Nazionalean gordetzen dute, baina orain herritarrek gertuagotik ikusi ahal izango dute, hiru hilabetez urtarrilaren 11ra arte zabalik izango den erakusketan.

Bisita gidatuak izango dira hainbat egunetan, euskaraz zein frantsesez, eta horrez gain ikasleak ere espero dituzte erakusketan

Lehen aldia da Etxepareren liburua Ipar Euskal Herrira ekarriko dutena –2011 Gasteizen jarri zuten ikusgai, Eusko Legebiltzarreko erakusketa aretoan–, eta lehen aldia hainbeste denboraz, gainera.

Larunbatean egin dute erakusketaren inaugurazioa eta bertan izan dira elkarlanean aritu diren erakundeetako ordezkariak, hala nola: Euskal Museoko zuzendari Sabine Cazenave, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, eta Frantziako Liburutegi Nazionaleko liburu bakanen erreserbako zuzendari Jean-Marc Chatelain. “Zuek nik baino hobe dakizue zerk egiten duen baliotsu liburu hau, nik tamalez ez baitut euskara menderatzen. Baina uste dut liburu honek euskara hizkuntza literario gisa baieztatzen duela eta izateko arrazoi guztia zuela”, esan du Chatelainek bere hitzartzean. 

Aurkezpen ekitaldian jendeak ikusminez begiratu dio liburuari. Sabina Hourcade

Liburuak euskararen historian mugarri bat ezarri zuela diote adituek; biltzen dituen olerki-sorta profano eta erlijiozkoez gain, euskarari gorazarre egiten dieten Sautrela eta Kontrapas bertsoak ere badaude, “euskara jalgi hadi dantzara” ahapaldi ezagunak dakartzana. Etxeparek liburuan bertan aitortzen du euskara “mundu guzira” zabaltzeko intentzioz idatzi zuela, asmatu berria zen inprentaren laguntzaz. “500 urte pasa dira ia Bernat Etxeparek liburu horretan euskarari mundu guztira jalgitzeko deia egin ziola, guk uste dugu mezu hori indarrean dagoela oraindik”, azaldu du Larrazak.

Etxeparek liburuan bertan aitortzen du euskara “mundu guzira” zabaltzeko intentzioz idatzi zuela, asmatu berria zen inprentaren laguntzaz

Egitarau berezia, liburuaren kari

Erakusketan, benetako liburuaz gain, aukera dago Linguae Vasconum Primitiae-ren edizio digital bat orrialdez orrialde ikusteko. Euskal Museoko dokumentalista eta erakusketaren ardura zientifikoa daraman Audrey Farabosek azaldu duenez, “aukera eman nahi diogu jendeari euskaraz idatzitako lehen liburuaz gehiago jakiteko”. Horretarako, Baionako Mediatekak utzitako beste liburu baten alea paratu dute ondoan; okzitanieraz eta frantsesez idatzitako zuzenbide eta ohituren liburu bat da, garaiko “testuingurua” hobeto ulertzen laguntzen duena.

Audrey Farabos euskal museoko dokumentalista eta erakusketaren arduradun zientifikoa, azalpenak ematen. Sabina Hourcade

Farabosek hurrengo aste eta hilabeteetan liburuaren kari antolatu duten egitarau bereziaren berri ere eman du. Hala, bisita gidatuak izango dira hainbat egunetan, euskaraz zein frantsesez, eta horrez gain ikasleak ere espero dituztela argitu du erakusketaren arduradunak. Bestalde, abenduaren 6an Danserie Ensemble konpainiak kontzertua eskainiko du Santizpiritako elizan. Eta azaroaren 22an eta urtarrilaren 8an topaketak egingo dituzte, gaian adituak diren hizkuntzalari, idazle eta liburuzainen parte-hartzearekin.

Larunbateko inaugurazio ekitaldian erakundeetako ordezkariak eta herritar ugari izan dira, eta amaieran, Euskal Museoko patio biribilean Maider Bedaxagar kantariak Etxepareren liburuaren hainbat olerki eta pasarte abestu eta errezitatu ditu. Amaieran, bertaraturiko guztiek batera abestu dute: “Bertze jendek uste zuten, ezin eskriba zaiteien...”.

Maider Bedaxagar kantariak Etxepareren liburuko hainbat bertso eta pasarte interpretatu eta errezitatu ditu Euskal Museoko patio biribilean aurkezpen egunean. Sabina Hourcade

ARGIAk erreportaje zabala aste honetan

Datorren zenbakiko astekarian ARGIAk erreportaje zabala eskainiko dio euskaraz idatzi eta inprimitutako lehen liburuari, elkarrizketa eta argazkiekin.

Linguae Vasconum Primitie Euskal Herrira ekarri dutela baliatuta, liburuaz, Bernat Etxepareren bizitzaz eta garaiaz gehiago jakin nahi izan dugu horrela.