Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta, milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean. Arratsaldean jende andana bildu zen Euskalduna naiz eta harro nago! lelopean egindako manifestazioan.
Ekitaldi nagusia arratsaldeko manifestazioa izan bazen ere, jarduerak egun osoan antolatu ziren euskararen alde. Hasteko, goizeko 11etan, txupinazoa bota zuten Trinitate plazan eta jarraian kalejira izan zen Bonberenea Txarangak eta Porrotx pailazoak animatuta. Alde Zaharreko kaleetan, puzgailuek, haurrentzako tailerrek, azokak, kale-animazioak eta kantu-jirak, besteak beste, osatu zuten goiza.
Eguerdian, Konstituzio plazan, ehunka pertsonentzako herri bazkaria eskeini zen, eguraldiak lagundu ez arren.
Arratsaldeko manifestazio jendetsua 18:30etan atera zen Bulebarretik, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Euskalgintza eta politikako ordezkari ugarik parte hartu zuten martxan.
Manifestazioaren ostean, euskaraz bizitzeko nahia "grina" bihurtu behar dela nabarmendu zuen EHEko kide Igone Lamarainek. Hautu horretan urratsak ematera deitu zituen Donostiara bildutako euskaltzaleak. Egun bizi dugun egoera sozio-politikoaz ere mintzatu zen: " Euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu euskaldunoi".
Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoan izan zuten Donostian bildutakoek. "Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan", adierazi zuen Lamarainek. EHEko kidearen hitzetan, "Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate".
Iluntzean, festari amaiera emateko, kontzertuak egin ziren Trinitate plazan ipinitako eszenatoki handian. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeak aritu ziren.