Euskara(z) biziberritzeko garaia

  • Hizkuntzen erabileraren VII. kale-neurketaren emaitza argitaratu berri du Soziolinguistika Klusterrak. Erabilera maila, oro har, %12,6koa da, orain dela hamar urte baino puntu bat gutxiago. Euskararen erabilera maila moteltzen ari da, mantso-mantso baino etengabe. Kezkagarria da, zalantzarik gabe.


2017ko uztailaren 19an - 13:45

Kezkatzekoa da, bereziki, ikustea eremu euskaldunetan euskararen erabilera ahultzen ari dela. Eskualde euskaldunetan galtzen eta erdaldunetan hazi ez; horrela laburbil daiteke, ñabardurak ñabardura, VII. kale-neurketaren emaitzaren irakurketa.

Kontua da Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa modu esanguratsuan aldatzen ari dela. XX. mendean desagertu ziren euskaldun elebakarrak eta, apurka-apurka, euskararen aldeko elebidunak desagertzen ari dira. 1989. urtean adinekoen artean euskararen erabilera-tasak % 13,7 jo zuen, batez besteko mailatik (% 10,8) eta gazte nahiz helduen mailatik gora. Joan den urtean, berriz, adinekoen erabilera maila % 8raino iritsi zen ozta-ozta, adin-taldeen artean okerrena.

EKBk (Euskararen Kultur Batzarreak), SEI Elkarteak eta Soziolinguistika Klusterrak 1989. urtez geroztik egindako kale-neurketek argi eta garbi erakusten dute hizkuntzen arteko ukipen egoeran errotiko aldaketa gertatzen ari dela. Garai batean euskara, hein handi batean, nekazari edo arrantzale giroko udalerri txikietako fenomenoa zen, euskaldun gehien-gehienak alfabetatu gabeak, adinekoak eta oinarrizko ikasketa-mailako herritarrak ziren, haien artetik askok erdaraz komunikatzeko zailtasunak zeuzkaten.

Gaur egun, ordea, kaleko euskaldunak dira nagusi, hiritarrak, udalerri handietako seme-alabak, gazteak, alfabetatuak, eskolatuak, eta haien arteko askok euskaraz jarduteko zailtasunak dauzkatela. Aldaketa esanguratsuak, bistan da.

Azken hogeita hamar urteotan aldatu ez dena, berriz, hizkuntza politika izan da. Ez hizkuntza politika, ezta hizkuntzaren inguruko legedia ere. Hogeita hamar urte baino gehiago dauzkate Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskararen Erabilera Normalizaziorako Legeak eta Nafarroako Euskararen Foru Legeak. Egoera soziolinguistikoa aldatu da, inoiz baino euskaldun gehiago gara, egia da, baina euskararen presentziak eta, batez ere, erabilerak ez du beharko lukeen besteko maila lortzen.

EH Bilduk euskararen berreskurapen prozesua biziberritzeko behar-beharrezko jotzen du euskalgintza biziberritzea, alegia, euskaldunak, euskal hiztunak, aktibatzea eta antolatzea

Berreskurapenaren prozesua eten eta erabilera moteltzen ari da. Ez da zilegi euskaldunei, hiztunei, errua leporatzea, euskaraz ez dela egiten dakitenek erabiltzen ez dutelako esatea sinplekeria izango litzateke; horren arrazoiak bilatu behar baitira. Euskaldunok euskaraz egin behar dugu, jakina, eta horretarako espazioak, aukerak eta arrazoiak behar ditugu; baina, bestalde, eta oso nabarmen, hizkuntza politiketan eta legedietan aldaketak behar ditugu, eguneratzeko, egoera eta garai berrietara egokitzeko.

Horiek horrela, aurrera begira:

EH Bilduk euskararen berreskurapen prozesua biziberritzeko behar-beharrezko jotzen du euskalgintza biziberritzea, alegia, euskaldunak, euskal hiztunak, aktibatzea eta antolatzea. Eta euskarak beharrezkoa duen Hizkuntza Politika garai berrietara egokitzea, iraganeko inertzietatik etenaz. Euskal Herri Euskaldunaren alde, jakina.

Horregatik guztiarengatik, EH Bilduk, orain arte bezala, elkarlana sustatzen jarraitu nahi du molde aktiboan, eta gure ustez lehentasunezkoak diren lan eremu batzuk jorratu nahi ditugu; betiere jarrera ireki batean eta prest, beste eremu batzuetan ere guztion artean diagnostikoak konpartitzearekin batera, garai berrietara jauzi egiteko estrategiak adostu eta partekatzeko; eremu bakoitzeko aktibazio eta biziberritzetik, batzen gaituen bizkarrezurra indartuz, hots, euskara sendotuz. Beraz, berandu baino lehen, euskararen eta herri honen biziraupen eta normalizaziorako politika eraginkorrak erdiesteko, lanean jarraitzeko eskua luzatzearekin batera, ondoko lan eremu hauen inguruan interpelatu nahi ditugu erakundeak, alderdiak eta eragile oro:

–  Lege-markoak, euskararentzat estatus juridiko egokiak (ofizialtasuna, legeak, dekretuak…)

– Euskarazko hedabideak, bereziki publikoak: akordio markoa…

– Administrazio publikoa.

– Hezkuntza eta helduen irakaskuntza

– Arnasguneak.

– Hiriguneetan eta eremu ez euskaldunetan, euskararen komunitatera herritarrak erakartzeko plan estrategikoak.

– Sozio-ekonomia eta lan-mundua.

– Korpusa eta euskara batua.

– Kultura, kirola eta aisialdia.

– Azpiegiturak eta baliabideak.

– Planifikazioa eta hizkuntza politika bateratua.

Horratx euskara biziberritzeko hizkuntza politikarako zenbait ardatz ezinbesteko. Alor eta egiteko gehiago ere izan litezke, jakina, eta, bestalde, epe ertain eta luzean izanen ditugun agertokiak eta joerak aurreikusten eta ulertzen ere jakin beharko dugu. Eta horri guztiari ekiteko, behar besteko borondate politikoa eta herritarron atxikimendua ere ezinbesteko gertatuko zaizkigu. Euskararen ibilbide luzean izan ditugu zenbait une erabakigarri, hauxe ere horrelakoa da ziur asko, ekin diezaiogun lanari, beraz eta eman dezagun euskararen biziberritzeak eskatzen digun jauzia.

Rebeka Ubera eta Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude