Donostiako Zinemaldiak eta Kontseiluak sustatutako “Euskaraz bizi nahi dut” film laburren lehiaketaren aurtengo edizioan lanak aurkezteko epea irailaren zortzian beteko da. Hizkuntza zinematografikoaren bitartez euskaraz bizitzearen nahia irudikatzea da ekimenaren helburua.
Kontseilua sustatzen ari den Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatu zuen lehiaketa bertako idazkari nagusi Paul Bilbaok aurkezpenean. Helburua euskaraz bizitzearen ideia zabaltzen jarraitzea dela adierazi du, “geroz eta jende gehiagok euskaraz bizitzeko hautua egin dezan”.
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek adierazi du eremu guztietan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko garrantzitsua dela halako ekimenak bultzatzea. Gaineratu du gero eta jende gehiagok ikusten duela zinema euskaraz eta dinamika hori sustatzen jarraitu beharra dagoela.
Sari eta atal berriak
Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan bi sari gehiago izango dira eta bi atal bereiziko dira, profesionalena eta amaterurrena. Profesionalen atalean 3.500 euro arteko sariak izango dira eta amateurrenean 1.750 euro artekoak. Egilearen esku dago bere lana atal batera edo bestera aurkeztea, baina denek oinarrian euskaraz bizitzeko nahia erakutsi behar dutela azaldu du Bilbaok.
Lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago www.euskarabizinahidut.org webgunean aurkitu daiteke. Lanak entregatzeko epea irailaren 8an amaituko da.
2012ko edizioaren irabazlea: