Ziburuko Azokaren seigarren edizioa iraganen da larunbatean Ziburuko plazan. 33 argitaletxe, 10 diskoetxe, 39 idazle eta 111 berritasun, uzta ederra izanen dugu aurtengoan ere.
Aurtengo edizioaren kari plazaraturiko Euskaraz bagara irakurri duen orok jakinen du azoka soil bat baino anitzez gehiago dela Ziburuko Azoka: "Euskaraz hitz egiten eta sortzen, irakurtzen eta entzuten, zabaltzen eta berri ematen dugularik gure territorio libre bakarra libreago egiten dugu, eta gure herria biziago, zerbait eta norbait bagara".
Euskara hutsezko plaza bat eskaintzeko helburuari segika hasi ziren Ziburuko Azoka antolatzen 2019an Baltsan elkartea eta ARGIA komunikabidea. Urtez urte errotzen eta sendotzen doan azoka da, eta aurtengoan 33 argitaletxe eta 10 diskoetxe izanen dira bertan, orotara, 111 berritasun eta 39 idazle ezagutzeko aukera eskainita.
Madame Birrots, Esanezin, Sara Zozaya eta Ekhi Lambert kontzertuz; eta Ane Zubeldia (Kontra. Susa), Garbiñe Ubeda eta Garluk (Maurizia, biziminaren hotsa. Xabiroi), Celine Mounole (Iparrorratza. EHU), Joxe Austin Arrieta (Palinpsestoa. Maiatz), Ainhoa Urien (Ehun zaldi trostan. Elkar) eta Maialen Berasategi (Carmilla-ren itzulpena. Igela/Erein) liburu aurkezpenetan entzungai izanen ditugu. Noski, ohiko umorezko bakarrizketa, bertso-marrazki saioa, eta bi idazleen arteko Zubiburu solasaldia ere izanen ditugu aurtengoan ere.
Urtero bezala euskal sortzaile bat omenduz hasiko dute eguna. Aurtengoan Aurelia Arkotxa idazle, ikerle eta euskaltzain osoaren aldi izanen da. Euskal sorkuntzari egindako ekarpenaz gain, ikerketa arloan ere egindakoa plazaren erdira ekarriko dute, eta Zubiburu ariketan, Rakel Pardo idazle gaztearekin solasean ariko dira, Leire Vargas idazlearen galderei tiraka.
Azoka 10:00etan hasi eta 19:00etan bukatuko da:
10.00 Irekitze ekitaldia, Aurelia Arkotxari omenaldia
10.10 Zubiburu: Aurelia Arkoxa eta Rakel Pardo
11.00 Ipuin kontaketa, Kiribil konpainia Iturri zaharrean
11.00 Kontzertua: Madame Birrots
11.30 Aurkezpena: Kontra, Ane Zubeldia (Susa)
12.00 Aurkezpena: Maurizia, biziminaren hotsa, Garbiñe Ubeda eta Garluk (Xabiroi)
12.30 Zirriborroka bertso-marrazki saioa: Amaia Karrere, Asisko Urmeneta, Haira Aizpurua Ibargarai eta Patxi Iriart
13.00 – 15.00 Azoka hetsia
15.00 Kontzertua: Esanezin
15.30 Umorezko saioa: Maialen Berra
15.30 Herriko Etxeko sarreran: Rol joko partidak (Rolariak elkartea)
16.00 Aurkezpena: Iparrorratza Celine Mounole Hiriart Urruti (EHU)
16.30 Kontzertua: Sara Zozaya
17.00 Aurkezpena: Palinpsestoa Joxe Auxtin Arrrieta (Maiatz)
17.30 Aurkezpena: Ehun zaldi trostan Ainhoa Urien (Elkar)
18.00 Aurkezpena: Carmilla Sheridan Le Fanu - Itz.: Maialen Berasategi (Igela / Erein)
18.30 Kontzertua: Ekhi Lambert