argia.eus
INPRIMATU
Euskarari lehentasuna ematen dioten udalen kontrako helegitea salatzeko elkarretaratzea gaur EHEk
  • Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea jarri die Anoetako eta Lezoko udalei eguneroko jardueran euskarari lehentasuna emateagatik. Ustez, erdaldunak diskriminatzen dituelakoan. Egoera salatzeko EHEk elkarretaratzea egingo du 11:30ean Espainako Gobernuak Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 17a
EAEn Espainiako Estatuko ordezkari Carlos Urquijo da helegitearen arduraduna, EHEren ustez (Argazkia: elperiodicodeextremadura.com)

“Euskaldunon aurkako erasorik ez, euskarari lehentasuna” lemapean EHEk elkartasuna adieraziko die bi udalerriei. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko deia egingo diete norbanako zein kolektiboei, traba guztien gainetik bizitza publikoan euskarari dagokion lekua aitortzeko.

EHEko bozeramaile Nestor Estebanek ARGIAri esan dio Espainiako Estatuak helegitea jarri badu ere, arduradun nagusia Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijo dela. Izan ere, euskarari lehentasuna ematen dioten neurrien aurka agertu da, bere esanetan “sektarioak” direlako.

Helegitearen helburua, EHEren ustez, euskaraz bizitzea galaraztea da. “Gure hizkuntzaren aldeko edozein neurri edo politika aplikatuz gero aurrean izango direla erakutsi nahi dute”, azaldu du Estebanek. Gaztelania hizkuntza hegemoniko gisa mantendu nahi dutela salatuko du gaur EHEk.

Ikusteko dago helegiteak noraino egingo duen aurrera. Estebanen arabera, erasoen aurrean “hizkuntza komunitate gisa urratsak eman beharra dago”. Hizkuntz politika burujabea aldarrikatu dute, hau da, kanpotik baldintzatuko ez dena, bertako hizkuntzari lehentasuna ematen diona eta bere ezaguera bermatzen duena. Izan ere, salaketa hauek indarrean dauden politikak “gureak ez direla argi eta garbi adierazten du”, EHEko bozeramaileak azaldu duenez.

Halaber, hizkuntza politikarako sailburuordearen isiltasuna salatu dute.

Lezok eta Anoetak jaso dute helegitea orain arte, baina beste 34 herrik egin zuten euskarari lehentasuna ematearen hautua.