argia.eus
INPRIMATU
Euskarari lehentasuna emango dion EiTB independentea eskatu dute
  • Bostpuntu talde eragileak gutun irekia bidali die EiTBko arduradun berriei, duela hilabete batzuk aurkeztu zuten manifestuan jasotako oinarrizko bost puntuak helarazteko. Puntu horien bidez, "publikoaren zerbitzuko EiTB" eskatu dute, "euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena".

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 19a
Bost puntutako eskaera egin diote EiTBren zuzendaritzari.

Cristina Uriarte Kultura, Hizkuntza eta Hezkuntza sailburuari, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeari eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiari zuzendu zaizkio gutunean eta, laburtuta, honako eskaerak egin dituzte:

1- Euskal Telebista Irrati Publikoa euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izatea, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena.

2- Euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa izatea.

3- Zeregin informatiboetan inpartziala eta independentea izatea, eta horretarako "lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei".

4- Euskal kultura errespetatzea, "Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean".

5- Kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatzea.

Ehunka sinatzaileren babesa lortu du manifestuak, tartean Urko Aristi, Kike Amonarriz, Aintzane Bolinaga, Hasier Etxeberria, Elixabete Garmendia, Naxari Altuna, Jokin Zubia, Gaizka Aranguren, Maddalen Iriarteren, Ander Arzak, Bernardo Atxaga, Jon Eskisabel, Xabier Euskitze eta Juancar Etxeberria, batzuk aipatzearren. Hemen kontsulta daiteke babesa eman duten guztien zerrenda.