Uztailaren 15ean 29 ziren Hizkuntza Gutxituen Europako Tokiko Ituna sinatu zuten Ipar Euskal Herriko herriak. Dagoeneko 45 dira Xarta izenekoa izenpetu dutenak, gutxienez euskararen aldeko 35 neurri betetzeko konpromisoa hartuz.
Xartak hainbat engaiamendu proposatzen ditu, eta berau sinatzen duten herriko etxeek horietatik 35 gutxienez betetzeko konpromisoa hartu behar dute.
Abenduaren 3an Xarten izenpetze ofizialaren ekitaldia egitea zuten asmoa, Europako Kontseiluko ordezkaria bertan izanik kontseilu honen babesa jasotzeko. Baina azken uneko ustekabearen ondorioz ordezkari hau ezin izan denez Euskal Herrira etorri, ekitaldia 2022ko urte hasierara atzeratu behar izan dute.
Uztailaren 15ean Euskal Konfederazioak eta Itsasuko hautetsiek prentsaurrekoa antolatu zuten eta bertan euskararen aldeko neurri zehatzak hartzeko prest agertu ziren lehen 29 herrietako ordezkariek parte hartu zuten.
Geroztik, Euskal Konfederazioak eta Itsasuko hautetsiek Xartaren aurkezpena egiten jarraitu dute, herriz herri. Horrela, herri gehiagok eman dute Xarta izenpetzeko pausoa eta egun 45 dira Xarta izenpetzea onartu duten herriak.