25 bat eragilek adierazi diete elkartasuna apirilaren 11n Baionako auzitegian epaituko dituzten Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei. Egun batzuk lehenago, apirilaren 6an Baionan eginen den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu dute.
25 bat eragilez inguraturik hartu dute hitza Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko kideek, apirilaren 11n izanen duten auziari begira haien irakurketa plazaratzeko: "Hemen bildu gara euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatzeko. Hemen bildu gara atzerapausorik ez dugula onartuko esateko; are gehiago, elkar hartuta, aurrera egiteko prest gaudela adierazteko". Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara desobedientzia ekintza bat burutu zuten, Baionako Auzitegiaren hormetan Justizia euskararentzat leloa pintatuta. Frantziako eta Espainiako Konstituzioen menpe den herria izanik, euskarak justizia-eza pairatu beharra salatzeko ekintza izan zuten: "Gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digute".
Egoera iraultzeko aukera independentzian –"euskaren Errepublikan"– daukate. Horrez gain, egoera bestelakotzeko neurrien alde "ardurak hartzeko" deia ere luzatu diete herritarrei zein eragileei, baita instituzioei ere.
Bi auziperatuei elkartasuna adierazteko eta "euskaldunontzat zein euskararentzat benetako justizia" aldarrikatzeko, manifestaziorako deia luzatu dute: apirilaren 6an izanen da, Baionan. Aldarri andana entzunarazteko unea izanen dute: "Euskal Herri osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatzeko; hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko; euskaraz epaituak izateko eskubidea aldarrikatzeko; euskalgintzara dirulaguntza publiko gehiago bideratzea aldarrikatzeko…".
Ondorengo eragileak egon dira martxoaren 12an Baionan egindako prentsaurrekoan: Euskalgintzaren Kontseilua, Konfederazioa, AEK, Seaska, Ikastolak, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Seaska, IKA, UEMA, Plazara, Bilgune Feminista, Steilas, LAB, ELA, EH Bai, Elkar, Jardun. Horrez gain, hainbat norbanako ere egon dira bertan: Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika, Kike Amonarriz, Maddi Ane Txoperena, Jakes Bortairu, Sagrario Aleman eta Edurne Alegria.
Euskaraz hitz egitea eskatzeagatik Renfeko segurtasun agente batek EHEren kide bati eraso egin izana salatuko dute ostegun arratsalde honetan. Tolosako tren geltokiaren aitzinean jarri dute hitzordua, 19:00etan.
Galtzaundi Euskara Taldetik ere irmoki salatu dute tolosarrak euskaraz egiteagatik jasotako erasoa eta emandako tratua: "Euskararen aurkako erasoak ez dira onargarriak. Tolosan ere euskaraz bizi gara". Tolosako auzapez Andu Martínez de Rituertok gertakariaren biharamunean azalpenak eskatu zituen, euskaldunon kontrako gisa honetako erasoak erabat arbuiagarriak direla gaineratuta.