UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari” uzteko. Aurki beste mobilizazio batzuk izango direla iragarri dute.
Orozko, Otxandio, Azpeitia, Larrabetzu, Leitza, Bermeo, Oiartzun, Ea, Etxarri-Aranatz, Zeanuri... Hego Euskal Herriko ia 100 herritan egin dituzte kontzentrazioak, milaka herritarren eta tokian tokiko eragile euskaltzaleen babesarekin. Herritarrek afixak agertu dituzte eskuetan, hainbat lelorekin: euskarak lege berria behar du; euskaraz bizi nahi dugu; euskara da gure territorio libre bakarra; elebitasunak ez du balio lurrean zaudenean; edo Euskal Herrian euskaraz bizitzerik ez bada, bota dezagun demokrazia txerri askara.
UEMAko presidente Martin Aramendi Ataungo (Gipuzkoa) elkarretaratzean egon da, herri horretako alkate ere baita, eta UEMAren izenean egin ditu adierazpenak. Pozik agertu da urgentziazko mobilizazio deialdiak izan duen erantzunarekin, eta eskerrak eman dizkie babesa eman diotenei: “Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei”.
Adostasunak bigarren mailako herritar ez izateko
Auzitegi Gorenak emandako epaiaren larritasuna azpimarratu du UEMAko presidenteak: “Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz”. Edonola dela, salatzeaz harago, egoera iraultzeko adostasunak lantzera deitu du, alderdi politikoei interpelazio zuzena eginda: “Egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu”.
Euskalgintza mobilizazio berriak prestatzen ari dela jakinarazi du Aramendik, zenbait alderdi eta eragilerekin batera, eta UEMAk deialdi horiekin bat egingo duela iragarri du.
Jarraian, UEMAk herriz herri jaso dituen elkarretaratzeen argazkietako batzuk: