Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean

  • Aurreko batean, lagun batek aipatu zidan, lan egiten duen Udaletxeko euskara planaren barruan EMUN kooperatibako kide batek honako hau galdetu ziela: ea beraien ustez, munduko hizkuntzen artean, euskara zenbagarren postuan dagoen, hiztun kopuruari dagokionez.


2012ko abenduaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Munduko hizkuntzak (Argazkia: Ethnologue web-gunetik hartua)

Ethnologue erakundearen arabera munduan 6.909 hizkuntza daude. Hiztun gehien dituena txinera omen da mila milioi hiztun baino gehiagorekin. Baina badira hiztun bakarreko edo oso-oso gutxiko hizkuntzak. Eta orain, erantzun zuk zeuk irakurle! Munduko hizkuntza guztiak 0tik 10erako eskala batean banatuko bagenitu hiztun kopuruaren arabera (10ean txinera eta 0an hiztun bakarreko hizkuntzak), zenbagarren postuan legoke euskara?

Joan den astean galdera hau planteatu nien Arrasaten, Gasteizen eta Altzon emandako hitzaldietara bertaratutakoei… Baina ez jarraitu irakurtzen, egindako galdera erantzun baino lehen!!!

Jasotako erantzunen artean bostetik lauk 5etik behera kokatzen zuen euskara eta gehienek 1 eta 3 artean kokatzen zuten. Gutxi batzuk 5-6ko balioetan ipini zuten eskalan eta jasotako ehundik gorako erantzunen artean, puntuaziorik altuena Arrasateko entzule batek eman zion: 7.

Egin dezagun, ordea, kalkulua. Milioi hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak 389 omen dira eta 100.000 eta milioi bat hiztun artekoak, 895. Euskarak, 800.000 hiztun inguru dituenez, multzo honetan 150-200. postuen inguruan ibil daitekeela pentsa genezake. Honek esan nahi du gure hizkuntza, hiztun kopuruaren arabera, munduko 550-600 postuen inguruan dagoela, hots, hiztun gehien dituen munduko hizkuntzen %10aren barruan! Hots 0-10eko eskala batean, euskara 9tik gora dago hiztun kopuruari dagokionez. Harrigarria, ezta? Nola liteke guk gure burua horren txiki ikustea, munduko hizkuntzen testuinguruan, indartsuenetako bat garenean? Gu baino askoz ere indartsuagoak diren hizkuntzez inguratuta gaudelako, agian?

Bestalde, guri iruditzen zaigu gure egoera oso eleanitza dela, baina hori ere ez da horrela. Europa da alde handiz (etorkinen hizkuntzak aintzat hartu gabe) hizkuntza gutxien duen kontinentea. Munduko hizkuntzen %3 besterik ez da hitz egiten Europan: 234.

Baina hiztunena ez da hizkuntzen bizitasuna neurtzeko aldagai bakarra. Iaz kaleratu zen Louis-Jean Calvet-en “Il était une fois 7.000 langues” liburuan eta Calvet Barometroa delakoan, hizkuntzak duten indarraren arabera sailkatzen ditu aldagai kultural, demografikoak eta ekonomikoak aintzat harturik, eta sailkapen horretan katalana 20. lekuan dago! Euskara ez da azaltzen baina ziur naiz azalduko balitz, lehen aipatu dugun 500. leku horretatik dezente gora egongo litzatekeela.

Munduan zenbat hizkuntza komunitatek du euskaldunok dugun kontzientzia, gogoa eta ekimenerako gaitasuna? Horiexek dira gure biziraupen historikoa segurtatu duten faktoreak eta gure etorkizunaren bermerik sendoenak. Konparazio batera, sarean 44. lekuan omen dago euskara ikerketa baten arabera. Twitter euskaraz eta beste 32 hizkuntzatan erabil daiteke; ez ordea, errumanieraz, bulgarieraz edo islandieraz (estatu-hizkuntzak izan arren!).

Euskaldun gehienok gure burua hiztun herri txiki eta ahul gisa ikusten dugu –eta hala da oraindik ere aspektu eta eremu askotan-, baina hemendik kanpora beste hizkuntza minorizatuetako kideek indartsu eta nahikoa handi ikusten gaituzte. Egia da ez garela sobera handi eta indartsu, baina egia da ere, ez garela uste dugun bezain txiki eta ahul.

Euskal Irratietako Goizberri saiorako (12-12-18) prestaturiko testuan oinarrituta eta Kike Amonarrizen Algara edo ez gara blogean argitaratua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude