Euskararen presentzia Nafarroan, 'Navarrorum' erakusketaren bidez

  • Atzo zabaldu zuten Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketa. Nafarroako Artxiboan dago ikusgai abendura arte.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 22an - 10:25
Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea, erakusketa.

Navarrorum ez da euskararen historiari buruzko erakusketa bat. Baina, zernahi gisaz, aurre egiten dio erronka jakin bati: idazki batzuen bidez euskararen aztarna dokumentala agertzea, kontuan izanda ia mila eta bostehun urtean ahozko mintzoa izan zela. Ahozko hizkuntza, idazten ez zena. Erakusketarako, hiru dozena dokumentu hautatu ditugu. Euskarazko agiriez gain, euskarari buruzko agiriak ere badaude tartean. Den-denek badute bereizgarri bat, nafartasuna: Nafarroari buruzkoak, Nafarroan idatziak edo nafarrek eginak dira. Gehienak gure artxibo, museo eta liburutegietatik hartu ditugu, baina badaude Afrikako, Ameriketako eta Europako beste dokumentu zentroetakoak ere.

Guregana iritsi diren euskararen lekukoen bilakaera gogoan izanda, sei gai-multzotan sailkatu dira dokumentuak.

I. Hizkuntza, bere aztarnan. Lehen multzoak erakusten digun garai historikoa –erromatarren mundua eta Erdi Aroko lehen mendeak– dokumentu idatzi oso gutxiko aldia da gure artean. Orduan, euskara doi-doi ikusten da: inoiz edo behin –guri hemen dagoela esateko behar bezainbestetan– agertzen da baskoi latinizatuek seme-alabei eta jainkoei ematen dizkieten izenetan.

II. Hizkuntza, izenaren jabe. Etnikoki edo sozialki bestelakoa denaren ikuspegia ageri da: frankoa, arabiarra, erromesa, fraidea mintzo zaigu. Haiek ematen diote lehenik iruindarren eta gero nafarren hizkuntzari izena. Erdi Aroaren gailurrean gaude.

III. Hizkuntza, idazteko. Hirugarren multzoak islatzen du azkenean euskaraz –herabeki bada ere– idazten deneko aldia. Erdi Aroa amaitzen hasi da. Euskara pergaminora eta paperera iritsi da, beste mintzaira batzuetatik hartutako sinboloen bidez eta, bereaz gain, beste hizkuntza batzuk menderatzen dituzten pertsonen eskutik. Zatitxoak besterik ez dira, baina ikusten uzten digute zer dagoen dokumentazioaren kristal lurrunduaz bestaldean.

IV. Hizkuntza, inprimategian. Eskuizkribu horien ondoren, euskara Errenazimenturantz abiatzen da eta idatziaren munduan sartzen da bete-betean, mintzaira honetan inprimatutako lehen liburuarekin. Olerkiak, itzulpen erlijiosoak edo herri kantak eta, halaber, euskara leku orotan dagoelako aipamenak, horiek guztiek agerrarazten digute, azkenean!, lehen ia ikusezina zen errealitatea, baina betiere hemen egon dena.

V. Hizkuntza, atzeraka. Bosgarren multzoak hizkuntzen arteko borrokaren lehen emaitzak jasotzen ditu; izan ere, borroka sortzen da monarkia nazionalak “herrialde bat, hizkuntza bat” printzipioarekin eratzen direnean. Administrazioak eta eskolak eraginda, euskara espazio publikoan alboratzen hasten dira eta gure hizkuntza herrixkan, elizan eta familian babesten da. Eta horrela hasten da bere atzerakada soziala eta geografikoa.

VI. Hizkuntza, arrazoiaren eta nazioaren artean. Azken multzoak erakusten du euskara mundu garaikideko prozesu politiko eta kulturaletan murgildu dela. Ilustratuen arrazoiak euskara baztertu zuen eta erromantikoen sentimenduak, aitzitik, hura besarkatu. XIX. mendean, gure hizkuntza harrapatuta dago liberalismo uniformizatzailearen eta nazionalismo identitarioaren artean.

Euskara funtsezkoa izan da nafarren historian, baina badago besterik. NAVARRORUMek erakusten du, aldi berean, Nafarroa erdigunekoa izan dela euskararen munduan. Nafarren lurraldekoak dira, hain zuzen, Pirinioen hegoaldean euskaraz idatzitako lehen hitzak. Gaur Nafarroa den edo lehen Nafarroa izan den lurraldean ditu euskarak lehen esaldi idatziak, Erdi Aroko testurik luzeenak, lehenbiziko liburu inprimatua, hastapeneko itzulpenak, gramatika eta ortografia bateratzeko lehen saioak... Bai, historian barrena, euskara izan da Nafarroako esentzia kulturala eta Nafarroa izan da, Pirinioen bi aldeetan, euskararen mundua dinamizatu duen ardatza.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


Eguneraketa berriak daude