argia.eus
INPRIMATU
Euskararen oldarraldiaren kontrako hainbat mobilizazio eta ekimen egingo ditu LABek urrian
  • Administrazioa euskalduntzeko legeria aldatu beharra dagoela azpirramatzen du LAB sindikatuak eta hori lortzeko "herritarren aktibazioa" ezinbestekotzat hartu du. Hainbat ekimen eta mobilizazio egingo dituzte udazkenean.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 08a
Hizkuntza eskubidea bermatzearen aldeko manifestazioa. LAB sindikatua

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioaren euskalduntzearen aurkako "oldarraldi politiko-sindikal-judiziala" ez dela eten adierazi du LAB sindikatuak. Hainbat lan deialdiren hizkuntza eskakizunen eta euskara sustatzeko beste neurrien aurka, gutxienez hamalau epai izan dira. Epai horien helburua da, sindikatuaren arabera, "euskara administrazioan erabat normalizatzea oztopatzea". Lanpostu guztietara aurkezteko gaztelera menperatzea derrigorrezkoa da, baina euskara eskakizunak gaztelerazkoekin parekatzen direnean "gehiegizkoak" direla eta "inposizio" gisa izendatzen dituztela salatzen du LABek.

Horrek guztiak arduradun instituzionalen erabakiak baldintzatzen dituztela ohartarazi du sindikatuak. Lehen, erabakiak euskalduntzearen bidean aurrerapausoak emateko pentsatuak ziren, baina egun, epaileen mehatxupearen mamuak baldintzatzen ditu erabakiak. "Gaztelaniaren hegemonia areagotu, eta euskara bigarren mailako menpekotasun egoeran betikotu baino ez" duela egingo ondorioztatu du LABek.

Herritar ororen eginkizuna

Sindikatuaren ustez oldarraldia ez da geldituko, eta "euskararen normalizazio prozesuaren une erabakigarrian gertatzen ari" dela adierazi du, beraz, administrazioa euskalduntzeko paradigma eraldatzea ezinbestekoa dela uste du. Bide parlamentarioaren eginkizuna soilik ez dela ere gogoratu du, euskalgintzaren eta orokorrean "herritarren aktibazioa" beharrezkoak direla adierazi du sindikatuak.

"Herritarren aktibazioa" bultzatzeko, LABek hainbat mobilizazio eta ekimen iragarri ditu 2025eko udazkenerako.