Euskararen normalizazio prozesuari epeak jartzeko garaia dela aldarrikatu du Kontseiluak

  • "Ezinbestekoa da orain artekoak baino pauso sendoagoak egitea, euskararen ezagutza eta erabilera gizarte-eremu guztietara hedatzeko neurri eraginkorrak hartzea". Euskararen normalizazio prozesuari epeak jartzeko garaia heldu dela adierazi du Euskararen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Alderdientzat 13 neurri biltzen dituen dokumentua prestatu dute.

Martin Ugalde Kulturgunean egin dute prentsaurrekoa, Donostian hauteskunde kanpaina dela eta baimenak ukatu ostean.

2016ko irailaren 21an - 16:40

Pauso sendorik ezean, atzera egiteko arriskua ere egon daitekeela uste du Kontseiluak eta hori hizkuntza-politika aldatuz egin behar dela. Prentsaurrekoan Nerea Alias eta Lander Arbelaitzek herritar gisa euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak azaldu dituzte. Aliasek osasungintzan euskaldunen eskubideak urratzen direla salatu du bere testigantzarekin, eta Arbelaitzek euskarazko hedabide duinak eskatu ditu.

Normalizazio prozesua ezin da gehiago luzatu, eta prozesuak hasiera izan zuen gisan, amaiera behar duela jarri du mahai gainean. Hurrengo legegintzaldiari begira eskaera zehatza egin die arduradun politikoei: “Epeak zehazten has daitezen garaia da. Euskaraz bizi ahal izateko baldintza juridiko, politiko eta ekonomikoetan tempusak zehaztu behar dira, euskararen legearekin batera eta ondoren datozen milaka euskaldunak euskaraz bizi daitezen. Belaunaldi osoa joan da EAEn euskara ofizial izendatu zenetik, eta ezin bizi gaitezke etengabeko arian-arian edota progresibotasun kiribilean”, aldarrikatu du.

Aurkeztutako dokumentuak hamahiru puntu jasotzen ditu. Besteak beste, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskaraz ikastea doakoa izatea aldarrikatzen du Kontseiluak.

Administrazioaren euskalduntzea da beste lehentasunetako bat Kontseiluaren iritziz, izan ere, hau erabakigarria da euskararen normalizaziorako zein herritarren hizkuntza-eskubideen bermerako. "Heldu da garaia arduradun politiko eta langile guztiak elebidunak izan daitezen, herritarren hizkuntza-eskubideak babestuak izateko".

Arlo sozioekonomikoan ere indar handiagoz lan egin behar dela aldarrikatu dute. Eta hauek guztiak noiz bermatuko diren galdetu die Kontseiluko idazkari nagusiak irailaren 25etik aurrera Gasteizko Legebiltzarra osatuko duten kideei.

Bestetik, Bilbaok gogorarazi du abenduaren 17an Europako hainbat gizarte eragileen ekarpenekin osatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko dela. Protokoloan, jasoko diren neurriak ere datorren legegintzaldian aintzat hartu beharrekoak izango direla gogorarazi du.

Kontseiluak egin duen proposamena lotura honetan irakur daiteke. Hemen alderdiei egindako hamahiru proposamenak:

1. Hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskalduntzea.

2. Euskarari estatus egokia eskaintzea: berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa.

3. Gobernuaren egituraren gailurrean kokatzea euskara saila.

4. Administrazioa euskalduntzea.

5. Alor sozioekonomikoa euskalduntzea.

6. Helduen euskalduntzea.

7. Hedabideak euskalduntzea.

8. Euskararen aurrekontua handitzea.

9. Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskalduntzea.

10. Kultur sistema sustatzea.

11. Aisialdia euskalduntzea.

12. Arnasguneak garatzea.

13. Hizkuntza-politika egokia izatea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude