argia.eus
INPRIMATU
Euskararen korrelazioak
  • Estatistikan, korrelazioa bi aldagairen arteko proportzionaltasun-harremana da. Korrelazioa dagoela esango dugu aldagai baten balioak beste aldagaiaren balioen arabera sistematikoki aldatzen badira. Hala ere –eta hau azpimarratzea garrantzitsua da–, bi aldagairen korrelazioa ez da nahikoa froga euren arteko kausalitaterik ondorioztatzeko.

Ander Gortazar Balerdi @derzu_uzala Unai Aldasoro @_Soro_ 2014ko uztailaren 22a
Euskara eta abertzaletasunaren arteko korrelazioa. Dinamo

Ariketa honetan euskara eta abertzaletasunaren arteko korrelazioa aztertu nahi izan dugu, Hego Euskal Herrian. Horretarako, Soziolinguistika Klusterreko Euskararen Datua Basea eta Espainiako Parlamenturako 2011ko hauteskundeetako emaitzak konparatu ditugu (*). Koloreek probintzia adierazten dute (Araba Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa); zirkuluaren tamainak herriaren biztanleria.

Euskara eta abertzaletasunaren arteko korrelazioa lehen begi-kolpean ikusteko modukoa da. Begirada fintzean, ordea, datuek egoera interesgarriak iradokitzen dituzte.

HASIERAKO MALDA EREMU EZ-EUSKALDUNEAN

Hasierako penditza adierazgarria iruditu zaigu, euskara-jakintzaren igoera txiki batekin boz abertzalearen ehunekoa oso azkar igotzen baita. Erlazio bat nabaritzen den arren, ondoriozta liteke euskararen aldagaia ez dela nahikoa abertzaletasunaren fenomenoa azaltzeko. Patroi hau jarraitzen duten herriak Nafarroako eta Arabako herriak dira batez ere; hiri nagusien agerpenarekin batera malda hau lausotu egiten da.

PROBINTZIA-EZAUGARRIAK EREMU EUSKALDUNEAN

Euskararen jakintza maila gora doan heinean, interesgarria da ikustea koloreak apenas nahasten direla. Hau da, datuek iradokitzen dute probintzia bakoitzak badituela berezitasunak. Esaterako, Nafarroako herri euskaldunek korrelazio-zuzenak markatzen duena baino boz abertzale portzentaje apalagoa dute (herriotan UPNk duen tradizioaren erakusle seguruenik). Antzeko zerbait gertatzen da Gipuzkoan ere, modu apalagoan, eta kontrakoa, aldiz, Bizkaian, non abertzaletasuna tendentziak dioena baino altuagoa den. Honek bi fenomeno iradokitzen ditu, hots, Bizkaiko sektore abertzale ez-euskaldun bat (Bilbo eta Getxon ikus daitekeena) eta Gipuzkoako sektore euskaldun ez-abertzale bat (nabarmena Eibar, Donostia eta Zumarraga bezalako herrietan). Nabarmena, halaber, Gipuzkoako korrelazio lineal sendoa.

BOZ ABERTZALEA %70 DEN TARTEA

Adierazgarria da grafikoaren muturreko eremuak hutsik daudela, hau da, ez da existitzen Hegoaldean boz abertzale oso altua eta euskara jakintza baxua duen herririk, ez eta, nabarmen, euskara-jakintza maila altua eta boz abertzale eskaxa duen herririk ere (nahiz eta sumatzen dugun Ipar Euskal Herriko datuek gezurtatuko luketela hau). Eremu pluralena aukeratu beharko bagenu, iduri du abertzaleak %70 inguru diren herrien taldea dela heterogeneoena: herri ia erabat erdaldunak eta herri ia erabat euskaldunak barneratzen ditu.

Esan bezala, korrelazioak ez du kausalitatea esan nahi, eta argazki finko batek ere ezin du egoera oso baten erakusle izan. Interesgarria litzateke –eta hau hurrengo post baterako utzi dugu– azken 20 urteotako eboluzioa ikustea, tendentziak arrasto gehiago eman diezazkigun ikusteko.

_

(*): Soziolinguistika Klusterrari esker jaso ditugu EAEko datuak (2011koak) eta Nafarroakoak (2001ekoak, oraindik ez baitira argitara atera 2011koak). Ipar Euskal Herriko euskara-jakintzaren herriz-herriko daturik ez dugu topatu. Informaziorik baduzue utzi iruzkin bat eta saiatuko gara grafikoa eguneratzen.