argia.eus
INPRIMATU
Euskararen geroa segurtatuko duen hizkuntza politika eskatu diote Euskararen Erakunde Publikoari
  • 2050erako euskal hiztunak %30 izatea bermatuko duen politika eskatu dio Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari (EEP). Ostegun honetan izendatu dute EEPko lehendakari berria biltzar nagusian: Maider Behotegi.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 20a
Euskal Konfederazioko kideak, ostegun goizeko agerraldian, Baionan (Argazkia: Euskal Konfederazioa)

Euskal Konfederazioak agerraldia egin du ostegun honetan, Baionan, Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) euskararen geroa segurtatuko duen Hizkuntza Politika proposatu dezaten. Mahai gainean dagoen proposamen bakarra “orain arte bezala segitzea” baita. EEPren izaera eztabaidatuko dute hura osatzen duten erakunde publikoek datozen asteetan, eta etorkizunean izango dituen baliabideak erabakiko dituzte. Konfederazioaren hitzetan, egungo erritmotan jarraitzea “euskara hiltzera kondenatzea” litzateke.

2050erako euskal hiztunak %30 izatea bermatuko duen politika eskatu dio Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari, aurreikusten baita 2050ean Ipar Euskal Herrian, 371.000 biztanle izanda euskaldun kopurua %17ra jausiko dela. Horren aurrean, “EEPk ez du deus proposatzen euskaldun kopuruak balore absolutu eta portzentaietan gora egin dezan”, adierazi du Euskal Konfederazioak. Biztanleriaren emendatzeak azken urteetako joerari segitzen badio, beraz, euskaldun kopurua %16tik behera izango da. “Datu beldurgarriak” direla ziurtatu dute.

EAJk babesa adierazi dio Euskal Konfederazioari

Prentsa-ohar baten bidez, EAJk euskararen aldeko “hizkuntza politika askoz nahikariago baten” alde egin du, Euskal Konfederazioak aldarrikatu bezala. Alderdi politikoaren ustez, “euskararen defentsarako mobilizaziorik gabe, Ipar Euskadiko euskaradunen heina murriztuz joanen da”.

Lege egonkortasuna eta orain baino asmo handiagoko hizkuntza politika bermatuko dituen Euskararen Estatutua defendatu du.

Lehendakaritza aldaketa

Ostegun honetan izendatu dute Maider Behotegi EEPko lehendakari biltzar nagusian, hautetsiak Antton Kurutxarriren lekukoa har dezan, ondoko hiru urteetarako. Kargu hartzearekin batera, instituzioen arteko negoziazioa abiatuko da EEPko aurrekontuari zenbateko ekarpena egiten dioten finkatzeko: “Euskalgintzak hamarkadetan frogatu du ez dagoela fatalitaterik, eta behar diren ahaleginek, ezinbestekoak diren inbertsioek, emaitzak ematen dituztela”, adierazi du Euskal Konfederazioak. “Helburu ausartak” finka ditzan eta “araberako baliabideak” ezar ditzan eskatu dio Konfederazioak lehendakari berriari.