Euskararen erabileran jauzi egiteko aukera dago Araban

  • Arabarren %20 elebidunak dira baina hiru laurdenentzat gaztelania da lehen hizkuntza; ikerketa batek berretsi du aukera dagoela errotuta dauden hizkuntz ohiturak aldatzeko eta euskararen erabileran urrats handiak egiteko.


2016ko abenduaren 02an - 12:57

Euskararen erabileran jauzi egiteko aukera dago. Arabarren euskararen ezagutza, erabilera eta iritziak, 2015 ikerketa soziologikoaren ondorio nagusia da herrialdean euskararen erabilera ez dela handitu ezagutza bezainbeste, nahiz eta testuingurua askoz hobea izan. "Arabarren %20 elebidunak baldin bagara ere, hiru laurdenarentzat lehen hizkuntza gaztelania da, oso errotuak ditugu gure hizkuntz ohiturak, eta gure hizkuntz komunitatea gaztelania da. Hutsunea hor dago". Aztiker enpresako soziologo eta aipatu ikerketan parte hartu duen Asier Etxenikek aditzera eman du herrialdea uste duguna baino euskaldunagoa dela, eta dituzten aukerak baliatu behar dituztela arabarrek euskararen erabileran jauzi egiteko.

Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuak eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak Arabako errealitate soziolinguistikoa eta erakunde publikoen hizkuntza politikei buruzko iritziak aztertzeko eskatu zioten Aztiker soziologia ikerguneari. Arabako 1.175 herritar inkestatu dituzte; horietatik, 389 gasteiztar. Arabarren euskararen ezagutza, hainbat esparru funtzionaletan euskara erabiltzeko zein aukera dauden eta zein erabilera egiten den, eta orokorrean, euskararen inguruan zein jarrera duten aztertu dute.

Ondorio positiboak eta negatiboak islatzen dituzte ikerketa lanaren zenbakiek. Alde positiboan jasotzen da euskararen ezagutzak gora egin duela modu nabarmenean herrialde osoan. Etxenikeren esanetan, "egungo umeen gurasoek euskara badakite, eta hori da aldaketa handi bat, orain dela urte batzuk atzera eginda, Araban eman den aldaketa bat". 

Erreferenteak, helduaroan

Ikerketak jasotzen du elebidun asko euskaltegiei esker direla gaur elebidunak, eta pisu handia dutela helduaroan euskaldundu diren pertsonek. Euskararen erabilera sustatzeko orduan horiek "erreferente" bilakatu behar direla uste du Etxenikek. "Hor indarra egin behar da, Araban asko nabaritzen da euskaltegietan egin den lana, eta inportantea da, esate baterako, lan mundua euskalduntzeko". 

Halaber, umeentzat eta gazteentzat helduen mundua erreferentzia bat den heinean, bultzatu behar da adineko arabarren euskalduntzea. "Etorkizuna Araban euskalduna izango dela esaten dugunean, sarritan ahaztu egiten zaizkigu gaur gaurkoz erdaldunak diren heldu horiek, ezinezkotzat jotzen ditugu, eta konfiantza jartzen dugu etorkizunean, umeak euskaldunduko direlako; joera hori da, baina egia da ere helduen munduan eragin behar dugula". 

Ohiturak apurtu

Izan ere, euskararen erabileran oso hankamotz dabiltza arabarrak; elebidun diren hamar arabarretik bi bakarrik ondo moldatzen da bi hizkuntzatan, eta %74,2 gaztelaniaz hobeto moldatzen da euskaraz baino. Hizkuntz ohiturek eta aurreiritziek arabarren kontra jokatzen dute. Etxenikeren esanetan, "erraztasun gehiago dugu erdaraz, eta horrenbestez, erdarara jotzen dugu gehiago, ohitura batzuk apurtu behar dira eta azkenean euskara erabiltzeko gaitasuna handituko da".

Halaber, gaztelania nagusi den ingurune batean bizitzeak elebidunen jokaera baldintzatzen du, zenbait eremutan euskara erabiltzeko aukerak egon arren ez dituztelako baliatzen. "Gure ingurua uste duguna baino euskaldunagoa da, baina horretaz jabetu behar gara euskaldunak, kontzientzia hartu behar dugu eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak baliatu behar ditugu", azpimarratu du Etxenikek. 

Ikerketaren arabera, elebidunek euskara lehen hizkuntza izateko inoiz baino egokiagoa den testuingurua bizi dute; lankideen artean, esate baterako, oro har erdal giroa nagusitzen da, baina inork ez edo ia inork euskaraz ez dakiten lan taldeak gutxiago dira euskaraz dakitenen lan taldeak baino. 

Desirak

Beste alde batetik, ikerketak arabarren etorkizuneko desirak jaso ditu, eta horretan ere aldaketa nabarmentzen da, izan ere gehiengoak nahiago du etorkizuneko gizarte elebidun bat. "Orokorrean –azaldu du Etxenikek– euskararen aldeko jarrera zabaldua dago; kontuan hartuta elebidunak %20 garela, pisu handia dugu". Dena dela, jarrera positiboa leuntzen da, euskara esparru pertsonalera eramaten denean edo ingelesaren erreferentzia tartean sartzen denean. Orduan, erdaldunen eta elebidunen artean jarrera desberdinak antzematen dira, erdaldun gehienentzat ingelesa euskara ikastea baino baliagarriagoa baita. 

Azkeneko atalean, Aztikerrek egindako ikerketak elebidunak eta erdaldunak diskriminatuta sentitzen ote diren jaso du txostenean, eta ondorio nagusia da gehienak ez direla inoiz diskriminatuta sentitu. Asier Etxenike soziologoaren aburuz datu esanguratsua da, bereziki euskaldunen ikuspuntutik. "Normalizazio egoera bat dago eta nahiz eta objektiboki horrela ez izan, euskaldun jendea ez da diskriminatuta sentitzen, ez ditu ikusarazten diskriminazio egoera batzuk badaudela, eta maila horretan euskararen pertzepzioa positiboagoa da, ez da antzematen gatazkarik edo diskriminaziorik".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude