Euskararen erabilera urria Donostiako udalbatzarrean: %21,5

  • Martxoko udalbatzarra aztertu du Bagera elkarteak. Udal taldeek %21,5 euskaraz eta %78,5 gazteleraz egin zuten; EH Bilduk gehien eta Irabazi Donostiak gutxien.


2017ko apirilaren 28an - 09:47
Azken sei urteetan jasotako emaitzen aurrean kezka agertu du Bagera elkarteak. (Argazkia: Lide Ferreira)

Donostiako udalbatzarrean euskararen erabileraren inguruko ikerketa egin du Bagera Elkarteak. Hain zuzen ere, martxoko udalbatzarrean oinarrituta txostena argitaratu du. Alkate eta zinegotzien hitzartzeak neurtu ondoren, euskararen erabilera %21,5koa izan da, eta gaztelerarena %78,5.

Azken sei urteetan jasotako emaitzen aurrean kezka adierazi du Bagerak. Euskararen erabilera zertxobait igo arren, oso urrun geratzen da beraien ustez euskararen erabilera normalizatua Donostiako udalbatzan.

Martxoko udalbatzarrean Eneko Goia alkateak gidatu zuen udalbatzaren haria presidente gisara. Bagerak ez ditu bere hitzartzeak neurtu oso laburrak izan zirelako. Horrela ere, garrantzitsua iruditzen zaie oro har euskaraz izatea. Bestalde, erabaki eta mozioen idazkariaren azalpenak elebitan egiten direla adierazi dute.

Alderdi bakoitzaren euskararen erabilerari dagokionez, EH Bildu udal taldea da gehien erabiltzen duena hitzartzeetan –%50,3–. EAJ alderdiak %25 erabili du euskara, PSE-EEk % 5,8, oso antzera PP alderdia ere %5arekin, eta azkenik, Irabazi Donostia da gutxien erabili duena –%0,8–.

Hitzartzeetan gaztelera izan da nagusi. 169 izan dira eta gehienak gaztelera hutsean izan dira %68,6, %16 elebietan, eta azkenik, euskaraz %15,4. Elebitan izan direnean ez dira modu orekatuan izan. Bi hizkuntzak tartekatu dituzte zinegotziek, eta normalean gaztelera nagusitu da.

Euskara hutsezko hitzartzeak EH Bildu taldeak egin ditu gehien, 17 hitzartze egin ditu, EAJk ondoren 7 hitzartze eginez, eta PSE-EEk eta Irabazi Donostiak hitzartze bana egin dute euskara hutsean.

Hitzartze elebidunei dagokionez, EH Bilduk 21 egin ditu, EAJk 4 eta PP alderdiak 2. Dena den, hitzartze hauek ez dira guztiz orekatuak izaten eta salbuespenak badira ere, ohikoena gaztelera gailentzea da.

Konparaketa

Aurreko legegintzaldian Bagerak hainbat udalbatza neurtu zituen. Horiekin alderatu dute aztertu duten azkena, eta orokorrean, igo egin da euskararen erabilera, nahiz eta nahiko urria izan –%21–.

EAJk aurreko legegintzaldian %12-20 inguruan erabili zuen eta oraingoan berriz, 25,2. PSEk % 1- 4,5 artean egin zuen eta oraingoan % 5,8. EH Bilduk aurreko legegintzaldian % 47,5- 47 artean erabili zuen euskara eta oraingoan %50,3. PPk, azkenik, % 2,7-6,3 eta oraingoan %5.

Albiste hau Donostiako Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude