Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk kontsumitzaileen hizkuntz eskubideei buruz apirilaren 30ean aurkeztutako lege proposamena
EAJ, PSE, PP eta UPyDk ezezkoa eman diote Proposamenean urtebeteko epea ematen zitzaien komunikazio-operadoreei, energia-konpainiei eta finantza-erakundeei euren bezeroekiko idatzizko harremanak euskaraz ere eskaintzeko, hala egin ezean, 6.000 euroko isunak aurreikusiz.
Gainerako enpresei idatzizko informazioa euskaratzeko urtebeteko epea ematen die. Ahozko komunikaziorako epea enpresaren tamainaren araberako litzateke eta ez legoke isunik haientzat, Xabier Isasi Bilduko parlamentariak adierazia duenez, “legearen aplikazioa malgutasunez eta tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera” egin behar delako. Eusko Jaurlaritzak adierazia zuen lege proposamenaren aurka egingo zuela eta orain Eusko Legebiltzarrak ere atzera bota du.
2012an zigor aukerak ezabatu zituen PSEk
Gaia oso aspalditik dator. 1982an EAEKO Euskararen Legea onartu ondoren ez zen ezer arautu kontsumitzaileei buruz hogei urte geroagora arte. 2003an Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea onartu zen.
Legea, baina, oso orokorra zen eta gehiago arautzeko Juan Jose Ibarretxeren gobernupean Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua kaleratu zen 2008an. Hemen dagoeneko lehen aldiz hitz egiten da araua urratuz gero gerta daitezkeen zigorrei buruz, baina zehaztu gabe.
2012an, aldiz, Patxi Lopez lehendakari zela, 2003ko legearen zigor aukerak finkatzen zituzten 51.6 artikulua eta 2008ko dekretuaren 18. artikulua ezabatzea proposatu zuen PSE-EEk. PPk eta UPyDk bat egin zuten eskaerarekin eta aldatu egin ziren. EAJk, EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak aurka egin zuten eta zigorren aukerez mintzo ziren pasarteak bere horretan geratzearen alde egin zuten.