EAEko Hezkuntza Legearen eztabaida azken fasera heldu da eta alderdi politikoen ekarpenak ezagutu ditugu. Ereduen sistemak “izaera baztertzailea” duela adierazi dute ikastolek, eta euskararen alorrean egindako zuzenketak bertan behera uztea eskatu diete eragile zein alderdiei.
Eusko Jaurlaritzak aurreratutako Hezkuntza Lege proiektuari alderdi politikoek egindako zuzenketak bozkatuko dira ostegunean Eusko Legebiltzarrean, Ikastolen elkarteak atzo ohar baten bitartez zuzenketa horien gaineko iritzia eman ondoren. Ikastolen Elkartea kezkatuta agertu da euskararen alorrean legeak “atzerapausuak” emateko arriskua dagoelako, eta hezkuntza eragile zein alderdi politikoei eremu horretan erakutsitako adostasunari “erreparatzeko” eskatu dute: “Zalantzari eta atzera egiteko aukerari ateak zabaltzen dizkioten zuzenketak kentzeko”, alegia.
EAJ eta PSE-EEk batera aurkeztu duten zuzenketaren puntuetako bat euskararekin lotuta dago, zeharo; hizkuntza ereduen sistemari eustea proposatzen baitute. Ikastolek, honen aurrean, hizkuntza ereduek euskalduntzen ez dutela aldarrikatu dute eta horiek gainditu dituen eredu baten beharra azpimarratu dute.
Ikastolek euskararen auzian zehaztasun eta argibide gehiago behar direla aldarrikatu dute ohar batean: “Euskararen egoerak hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak behar ditu eta jauzia egiteko garaia da”. Horrenbestez, “arduraz” jokatzeko eskatu die alderdi politikoei eta hezkuntza sistemak behar duen benetako eraldaketari “ausardiaz heltzeko”.
Bestalde, bat etorri da hezkuntza zerbitzu publikoaren “zehaztapen sakonagoa” egiteko beharrarekin, eta “begi onez” ikusi du ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea. Zentzu horretan, lege proiektuak “urrats garrantzitsuak” dituela aitortu du Ikastolen Elkarteak, baina “ausartagoa” izateko beharrezkotasunean berresten da.
Ildo beretik, bat datoz ikastolak doakotasunaz lege proiektuak dioenarekin: “Zuzena iruditzen zaigu itunpeko ikastetxeen finantzaketa legean agertzen diren baldintzak, printzipioak edo irizpideak betetzeari lotuta dagoela argiago eta irmoago jasotzen duen zuzenketa”.