argia.eus
INPRIMATU
Euskararen alde, Milaka Argi behar dira Nafarroan
  • Iruñerriko IKA euskaltegiek Milaka Argi Nafarroan kanpaina abiatu dute berriro, lehen horiz eta orain berdez, euskarari kolorea eman beharra aldarrikatuz. Joan den urteko otsailean ekin zioten estreinakoz, Nafarroa Garaiko euskaldunen sarea zabala dela adierazteko batetik, eta Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzeko bestetik.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2014ko martxoaren 25

Nafarroako Euskararen Legeak eremu euskalduntzat hartzen duen horretatik kanpo bizi diren nafarrei euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea ukatu zaien arren, euskaldunak eta euskaltzaleak Nafarroa osoan daude, eta horien denen ahalegina mapan paratzen ari dira IKAkoak.

Euskalduntze alfabetatze sareak laguntza eskasa du garaiotan, eta zer esanik ez, azken urteetan. Kanpaina honen lehen itzulian adierazi zutenez, 2012ko urriaz geroztik euro bakar bat ere ez dute jaso instituzioetatik. Kanpaina honek Iruñerriko euskaltegiak lagundu nahi ditu diruz. Hots, Nafarroa Garaiko populazioaren erdia bizi den eremua. Betiere, helduak euskalduntzen jarraitu ahal izateko.

Iazko kanpainan 30.000 euro inguru bildu ziren. Nafarroa Garaiko biztanleek ez ezik, edonork egin lezake ekarpena: www.milaka-argi.com. Diru-laguntza bakoitzak argitxoa piztuko du mapan.