Euskararen eguna ospatu dute larunbatean Luiaondon, "Euskaraktibatu" lemapean. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egun osoko egitaraua prestatu du eta dozenaka familia elkartu dira bertan lehen ordutik.
"Euskaraktibatzeko" deia egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak gaur -ekainak 3- Luiaondon ospatutako Euskararen Egunean. Abenduan zuten hitzordua jarrita, baina COVID-19ak eta eguraldi iragarpenak tarteko, atzeratu behar izan zuten.
Musika eskaintza zabalak, kirol jarduerek, antzerkiak edota herri bazkariak dozenaka familia elkartu ditu goizeko lehen ordutik.
Hiru alor nabarmendu nahi izan ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak "Euskaraktibatu" lemaren barruan: euskaraz mintzatzeko premia, euskara eta euskal kultura kontsumitzeko beharra eta euskalgintzan aktiboki inplikatzeko aldarria.