argia.eus
INPRIMATU
Carolina Darias, Espainiako Lurralde Politikako ministroa
“Euskarak ez du lanpostu publiko baterako derrigorra izan behar”
  • Espainiako Lurralde Politikako ministroaren hitzetan, lanpostu publiko bat lortzeko euskara derrigorra ez, baina "meritu gisa" baloratu behar da.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 20a
Carolina Darias / Moncloa.com

EAJko Josune Gorospe diputatuari erantzutean egin ditu adierazpenok Dariasek, galdetu dionean ea Espainiako Gobernuak ezarri duen euskalduntze planik EAEn lanean dabiltzan Estatuko Administrazioko funtzionarioentzat.

Ministroak gogorarazi du hizkuntza koofizialen batzorde bat dagoela, eta adierazi du "arrazoizko epe batean" bere Ministeritzak batzorde hori deitzeko asmoa duela, hizkuntza koofiziala duen erkidego batean. Gaineratu du Gobernuak aurreikusia duela akzio-plan bat lantzea "hizkuntz aberastasuna" bultzatzeko, "baina betiere funtzio publikorako meritu gisa hartuta". Zentzu horretan Espainiako presidente Pedro Sánchezek "urrats erabakiorrak" eman dituela dio Dariasek.

Transferitzeke dauden eskumenak

Dariasek eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua Gasteizen bilduko dira gaur, osteguna, transferitzeke dauden eskumenen egutegia zehazteko. Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari buruz hitz egingo dutela espero da, EITBk nabarmendu duenez. Espetxeei buruzkoa da transferitzeke dagoen beste eskumen garrantzitsuenetako bat.