Telefonoz telefono, pantailaz pantaila zabaltzen ari da Josune Azurmendi ARGIAko blogariak idatzitako testu bat. Euskarak idatzi digun gutuna da, hizkuntza erabiltzera animatzen gaituena.
Irrizbizi blogean argitaratutako mezuak 1.000 partekatze baino gehiago izan ditu Facebook sare sozialean eta Whatsapp bidez ere asko zabaltzen ari da azken egunetan.
Lehen pertsonan hitz egiten digu gure hizkuntzak eta “bizitzako lehenengo egunetatik” alboan izan dugula gogora ekartzen digu, baina guk, zuzen ez hitz egitearen beldurrez, lotsa hartu diogula.
Euskaraz hitz egitean akatsak egiteko beldurrik ez edukitzea da testuaren mezu nagusia, denek hitz eginez “herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak” euskarari nortasuna ematea lortu arte.
Hala izan bedi!