argia.eus
INPRIMATU
Euskarabildua jardunaldiak, multimedia produkzioaren gakoak aztergai Donostian
  • Euskara eta teknologia berriak uztartzen dituzten Euskarabildua jardunaldiak urriaren 11n egingo dira, Ikusi eta entzun. Multimedia produkzioaren gako komunikatibo eta teknologikoak izenburupean.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 17a
Hizlarietako lau.

ARGIAk, Iametza Interaktiboa enpresak eta Ametzagaiña taldeak antolatuta, bigarrenez egingo dira jardunaldi horiek Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Aurtengoan Interneteko bideogintza izango dute aztergai, ikuspegi komunikatibotik zein teknologikotik begiratuta.

Euskal Herriko eta kanpoko esperientziak emango dira ezagutzera, “ahal balitz horietatik euskal komunitatearentzat baliagarri izango zaizkion ekimen berriak abiatzeko”, diote antolatzaileek.

Hizlariak izango dira: Pablo Iglesias (Zientzia Politikoetako irakaslea eta Latuerka.net web telebistako aurkezlea), Arantza del Pozo eta Igor Garcia (Vicontech - IK4), Nora Barroso (EHU), Carles Solà (Plataforma per la Llengua) eta Axier Lopez (ARGIAko multimedia arduraduna). Hitzaldiez gain beste hainbat egitasmoren bideo laburrak proiektatuko dira. Ikusi hizlarien curriculumak.

Jardunaldian parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina gomendagarria da plaza kopurua kontrolatu ahal izateko: Izena eman.

“Urtetan ari gara lanean euskararen eta teknologia berrien esparruan, merkatuaren joerak jarraitzen ditugu eta bezeroen beharrak entzuten”, diote antolatzaileek. “Hori dela-eta, teknologia berriei eta euskarari buruz hitz egiteko gune bat sortzea bururatu zitzaigun, beste batzuekin ere ezagutza konpartitzeko, kanpoko esperientziak ezagutzeko, guztion artean ikasteko eta abar”.