Euskarabildua: IKTen garapena eta esku-hartzea hezkuntzan

  • Euskarabildua jardunaldiak izan dira azaroaren 6an Donostiako San Telmo museoan. IKTak jakintzaren mesedetan deitu diote aurtengo egitarauari, eta goizean zehar gaiaren inguruko ponentzia eta mahai-inguruez gozatzeko aukera eskaini dute. Bazkalostean, berriz, entzulea agente aktibo bilakatu nahian World Café talde dinamikak egin dituzte. Lerrootan goizeko saioei egin diegu errepasoa.


2014ko azaroaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-11-09 14:45:45
Iametza, Argia eta erakunde publikoetako ordezkariak Euskarabildua jardunaldiei hasiera ematen. Argazkia: Itsaso Zubiria Etxeberria.

Euskarabildua jardunaldien hirugarren edizioari hasiera eman diote Iametza eta Argiako bozeramaileez gain, Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eta Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko eta Jakintza Ikastolako irakasleak hartu die testigua aurreneko hitzaldirako: IKaskeTa modu berriei begirada. Azaldu du ikusirik zein abiaduratan garatzen ari den teknologia eta gaztetxo eta gazteek garapen honekiko hartzen duten joera, beharrezkoa dela hori pedagogiaren mesedetan erabiltzea; beti ere, noski, ondo neurturik teknologia berri horien erabilera egokia. IKTek hezkuntzan abantaila handiak eskaini ditzaketela eta adibide batzuk aipatu ditu: ikasleek hodeian lan egitea, hau da, ikasgela birtual bat sortu eta bertan komunitatean lanean aritzea; gamification, jokoen mekanikak hezkuntza arloan aplikatzea eta noten sistematik ariketak erronka moduan bideratzea… Hori horrela, IKTek hezkuntzan izan dezaketen garapena irakasleen konpetentzia digitalen baitan uzten du.

Bigarren hizlaria Antoni Marín Amatller kataluniarra izan da, Universitat Oberta de Catalunya-ko (UOC) irakaslea bera. Ikus-entzunezkoek hezkuntzan duten garrantzia azpimarratu du Marínek, eta transmedia alfabetizazioa izan du oinarri. Pelikula klasikoek, jarri du adibidea, ikuslearen jarduera ikusi eta entzutera soilik bideratzen duten bitartean, Matrix edo Lost bezalako pelikula eta telesailek ikuslea agente aktibo bilakatzen dute. Jarraitzaileek ikus-entzunezkoaren atzetik komunitate oso bat sortzen dute, blogak sortzen dira, wikiak… eta jarraipena egiten diote. Eta horixe bera aplikatu nahi dute eurek hezkuntzan. IKTak baliabide harturik, irakaskuntza pasibotik irakaskuntza aktibora salto egin dute. On-line hezkuntza. Marínek, Goñik aipatu duen moduan, ikasleentzako foroak aipatu ditu tresna moduan, bertan ikaskideen komunitatea sortu eta egiten dituzten ikus-entzunezko lanak zintzilikatuz joateko. Horrela, irakasleak jarraipena egiteaz gain, ikaskideek ere besteen proiektuen inguruko iritzia emateko aukera daukate.

IKTak hizkuntzen irakaskuntzan izan dezaketen eragina azaltzeko bi adibide aurkeztu dituzte jardunaldietan. Alde batetik, Iametza Interaktiboko bi kidek, Iker Olkozek eta Asier Iturraldek, esku artean duten Ikuslang proiektua aurkeztu dute. IKA euskaltegiarekin eta Vicomtech-IK4  zentro teknologikoarekin elkarlanean bideratutako software librea da, eta azaldu dutenez ikus-entzunezkoak baliatuz euskara ikasi eta irakasteko programa da. Landu nahi den arloaren inguruko ariketak sortu daitezke, ikasleek egiten dituzten ariketen jarraipena egin dezake irakasleak, eta hipertranskribapena aplikazioa aurkeztu dute berrikuntza moduan: hitz transkribatua eta bideoko denbora lotzen ditu. Alegia, bideoa erakusten du, eta aldamenean transkribaketa osoa (testua) ikusgai erakusten du. Ikasleak testuko edozein hitz klikatuta bideoa zati horretara joaten da unean bertan.

Askotan ikasleen arazoa izaten da ikasten ari diren hizkuntza lau pareta artera mugatzen dutela, eta tresna berri honekin, diote hizlariek, aukera ematen zaio beste eszenatoki batean ere hizkuntza ikasten jarraitzeko era dinamiko batean.

Beste aldetik, Deusto Tech-eko Mari Luz Guenagak Clip Flair hizkuntzak ikasteko web plataforma azaldu du. Kasu honetan ere multimedia baliabideak erabiltzen dira eta sortutako ariketak erabili zein beharren arabera berriak sortzea ahalbidetzen du. 15 hizkuntzatan dago eta azpititulazio eta bikoizketarekin hizkuntzak ikasteko tresna bat izatea da helburua. Plataforma 1.500 erabiltzailetako komunitate batek osatzen du, eta aukera dago komunitate horren barruan talde txikiak sortzeko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarabildua
2023-10-26 | ARGIA
Ikusi hemen Euskarabilduaren jardunaldiak

Euskarabildua jardunaldiak egin dituzte Donostiako San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Egunerokoan baliagarriak diren teknologia burujabe eta libreak ezagutzera eman ditu jardunaldiak. Euskaraz lan egitea... [+]


2023-10-25 | ARGIA
Odoo erakundeentzako ERP librea aurkeztuko dute Euskarabildua jardunaldietan

Beñat Irasuegi Talaios Kooperatibako kideak Odoo tresna librea aurkeztuko du Euskarabildua jardunaldietan ostegunean Donostiako San Telmo museoan.


2023-10-24 | ARGIA
Mailtrain: e-mail marketin-erako software libre eta burujabea aurkeztuko dute Euskarabilduan

Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da. Norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera eman eta datuen pribatutasuna zaintzen du.


2023-10-24 | ARGIA
Hodeian informazioa gorde eta partekatzeko alternatiba burujabea Euskarabildua jardunaldietan: Nextcloud

Hodei propioa eraikitzea ahalbidetzen duen software librea da Nexcloud, datuen pribatutasuna zaintzen duena. Dokumentuen biltegia eta partekatzeko gunea izateaz gain, bestelako funtzionalitateak ere integratzen ditu: bideo-deiak egiteko Talk sistema; egutegia; posta... [+]


“Errazagoa da software librea hautatzea, bat datorrelako hezkuntzaren balioekin”

Alexis Kauffmann, Frantziako Hezkuntza Ministerioko DNEko (Hezkuntzarako Zuzendaritza Digitala) teknologia digitaleko sektoreetako software-proiektuen eta hezkuntza-baliabide libre eta mistoen zuzendaria da. Hezkuntza libre eta irekiaren aldeko ekintzaileak urriaren 26an... [+]


Eguneraketa berriak daude