Uztaritzeko Herriko Etxeak ekainaren 27an erabaki zuen euskara frantsesarekin batera hizkuntza ofizial izendatzea. Paueko Auzitegi Administratiboak erabakia baliorik gabe utzi du momentuz eta bi hilabete barru emango du behin-betiko erabakia.
Uztaritzeko kontseilarien gehiengoak babestu zuen euskara hizkuntza ofiziala izendatzea: 22 alde agertu ziren, lau kontra eta hiru abstenitu egin ziren. “Euskara gure herriko eta lurralde honi izena ematen dion hizkuntza dela” baina “euskaldunen hizkuntza eskubideak, gaur arte, ezagupen ofizialik gabe daudela” salatu zuen onartutako testuak.
Patrick Dallennes Baionako suprefetak salaketa jarri zuen, erabakia legearen kontrakoa zela argudiatuz. Ondoren, Pierre Andre Durand prefetak ere salaketa jarri zuen, uztailaren 25ean.
Epaileak prefetari arrazoia eman dio, eta Uztaritzen euskara ofiziala izendatzeko erabakia bertan behera utzi du. Dena dela, auzia hobeto aztertu behar duela esan du. Bi hilabete barru epaiketa egingo dute behin-betiko erabakia hartzeko, Berria egunkariak argitaratu duenez.
Epailearen behin-behineko ebazpena aztertzen eta aurkeztuko dituzten argudioak zehazten ari dira orain. Dena dela, epailearen behin betiko erabakia zeinahi ere den, euskara erabiltzen jarraituko dutela iragarri dute Herriko Etxeko ordezkariek.