argia.eus
INPRIMATU
Euskara, katalana eta galiziera baztertu ditu Espainiako Gobernuaren ikus-entzunezkoen lege-proiektuak
  • Espainiako gobernuak ez ditu aintzat hartu Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak (CAC), Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek egindako ekarpenak. Aurre-proiektuaren testuan irakurri daitekeenez, Netflix, HBO edota Amazon Prime moduko bideo-plataformetan, Europako lanen kasuan, aurreikusitako kuotaren %50 gutxienez izan beharko da "Espainiako Estatuko hizkuntza ofizialean, edo erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean". Hainbat eragilek salatu duenez, testuak ez du zehazten zein izan behar den gutxienekoa katalana, euskara edota galizierari dagokienez.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 21
Argazkia: Tumisu/Pixabay

CAC ikus-entzunezkoen kontseiluak eskatu du estatuko hizkuntzetan eskainitako obren %50 katalanez, euskaraz edo galizieraz izatea, ikus-entzunezkoen sektorean hizkuntza horiek bizi duten prekarietatea dela-eta.

El Periódico egunkariak jakinarazi duenez, erakunde horrek egindako bigarren eskaera bat ere ez dute aintzat hartu. Proiektuak jasotzen duenez, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen mailegatzaileek, haien irabazien %5 bideratu beharko dute europar obrak finantzatzera, eta kopuru horretatik, %70 jaso beharko dute ekoizle independenteen lanek, izan Estatuko hizkuntza ofizialean, edotako erkidegoetako hizkuntza ofizialetako batean. CAC-ek eskatu du %5eko hori bikoiztea (%10era igotzea), euskaraz, katalanez eta galizieraz egindako lanak finantzatzeko aukera handiagoa izateko, baina eskaera hori ere ez du jaso testuak.

Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du "oso kezkagarria" dela gertatutakoa. Datozen egunetan egingo du balorazio publikoa.