argia.eus
INPRIMATU
Euskara jakiteak ez du punturik emanen Osasunbideako lan deialdi publikoan, alemanierak bai
  • Gaztelania derrigorrezkoa izanen da Osasun Departamentuak onartu berri dituen osasun zerbitzuko 114 mediku lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdietan. Alemaniera, ingelesa eta frantsesa jakiteagatik bina puntu puntu eskuratuko dituzte hautagaiak; baina, euskara dakitenek ez dute puntu gehigarririk izanen. Hala ohartarazi du Administrazioan Euskaraz taldeak, eta gobernuari gardentasun falta egotzi dio.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko otsailaren 12a
Argazkia: Euskalerria Irratia

Alde batetik, 107 plaza deitu dira: 69 lehen mailako arretako taldeko medikuenak; 26 larrialdietako zerbitzu arrunteko medikuenak; eta hamabi larrialdietako zerbitzu bereziarenak. Bestalde, Osasun Sistema Nazionaleko Larrialdietako Mediku Laguntzailearen zazpi plaza. Bi deialdietarako probak 2021eko ekainean hasiko dira.

Lehen Mailako Arretako 69 plazak honela daude banatuta: hamabi Lizarrako Osasun Arloarentzat, hamazortzi Tuterako eremuarentzat eta 39 lehen mailako arretarentzat.

Bestalde, Larrialdietako Zerbitzu Normaleko 26 medikuen destinoa Lizarrako Osasun Arloa (5), Tuterako Osasun Arloa (8) eta Lehen Mailako Arreta (13) dira.

Azkenik, Larrialdietako Zerbitzu Bereziko Medikuen hamabi plazak Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzara eta Bizi-larrialdiko Arretarako Zuzendaritza Teknikora zuzenduta daude.

107 plaza horietatik, hamar desgaitasuna duten pertsonen txandarako gordeko dira, 49 sustapen-txandarako eta 48 txanda librerako.

Osasun departamentuak, halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Larrialdietako Mediku Laguntzailearen zazpi lanpostu betetzeko deialdia egin du. Seik Tuterako Reina Sofia Ospitalea dute helmuga, eta besteak Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalea. Lanpostu horietako lau sustapen-txandarako gordeko dira, eta beste hirurak txanda librerako.

Bi deialdietan izena emateko epea gaur hasi eta martxoaren 15era arte iraungo du.