Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Mankomunatuta dauden sei bailarek osatzen dute Lokizaldea eskualdea: Amezkoa, Allin, Metauten, Egaibar, Lana eta Berrotza. Iguzkitza herria ere antolatu ohi da beraiekin batera. Aurtengo euskararen eguneko egitarauko lehen hitzordua ostiral arratsaldean jarri zuten Murieta herrian, Ados Pilotak antolatutako pilota kanpusarekin. Baina larunbatekoa da zita nagusia.
Jarduerak 11:00etan hasi dira txikienentzako, eta eguerdian Oinatz Bengoetxeak eta Iñaki Lizasok banakako erronka egin dute Murietako plazako frontoian. Ordurako jarrita zeuden artisauen postuak. Lizarratik etorritako talde jendetsu batek kantuz animatu du herria bazkal ordura arte, eta 200 pertsonek dastatu dituzte entsaladak eta arkumea, haurrek Tramankulu taldearen jolas kolaboratiboekin batera eta bestera zebiltzan bitartean. Arratsaldean jada, plazara bueltatu dira dantza-plaza egiteko eta jarraian musika nagusitu da egunerako altxatu duten karpa handian, gorputzak nekatu arte. Eguraldiak lagundu dio jai giroari egun osoan.
Pixkana-Pixkana euskara hauspotzen
Hamarkada baino gehiago dela antolatzen dute euskararen aldeko eguna Lokizaldean. Aurten prestaketen pisu nagusia Murietako Zurrakapote gazte taldeak hartu du, “baina gurekin batera aritu dira Iturriaga, Piedramillera, Larrion eta Iguzkitza herrietako taldeak ere”, azaldu du Iñigo Lahidalga Zurrakapoteko kideak.
“Bailaran euskara asko ez da entzuten, baina pixkana-pixkana gero eta gehiago, ez bakarrik baina bereziki gazteen artean”, dio Lahidalgak. Ez da kasualitatea, bada euskalgintzarik eskualdean, eta urteak dira euskarazko hezkuntza publikoa lortu zutela. “Murietan haurtzaindegia dugu, eta Antzinen Lehen Hezkuntzako eskola”. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuelako hezkuntza komunitateak, eta orduan desagertzeko zorian zegoen eskola txikiegi geratu zaie. Horregatik dago, hain zuzen ere, espazioa handitzeko obretan. Bigarren Hezkuntza egitera Lizarrara joan behar dute haurrek. Euskarak eskualdean izaten ari duen goranzko bilakaera geldo baina sendoaren adierazgarri, kantuan aritzera kanpotik etorritako pertsona batek, baina ingurua aspalditik ezagutzen duena, Lahidalgari adierazi diona: “Esan dit, ‘ze poza Murietan kantuan aritzea, urte batzuk direla hau pentsaezina zen’”.
Urtero herri ezberdin batean ospatzen dute euskararen eguna. Iaz Iturriagan izan zen. “Aurten Larrionen egitea zen asmoa, baina Zurrakapotetik Lokizaldea Euskarazekoekin jarri ginen harremanetan, herrian euskararen aldeko zer edo zer antolatu nahi genuela, eta proposatu ziguten euskararen egunaren ardura hartzea”. Eguerdia da, eta Lahidalga pozik dago. “Eguna ondo doa, azkenean ez du euririk egin eta ekimen gehienak kalean egitea lortu dugu, orain kalejira, gero bazkaldu, eta arratsaldetik aurrera parranda pixka bat”. Hurrengo urteko zita non antolatuko den ez dute erabaki oraindik, baina egin egingo dute, “bagaude jende bat euskararen alde egiteko prest”.
Jarraian, egunaren hainbat argazki (egilera, ARGIA CC BY-SA)