argia.eus
INPRIMATU
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean
  • Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren baliabideak jartzea galdegin du Sasiburuk.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 27a
Sasiburuko kideak Kontseiluak 2023ko azaroan egindako manifestazioa sostengatzen Ibaibe Herri Ikastetxean Sasiburu Barakaldo

Barakaldoko Udalak kontsumoa sustatzeko kanpainan erabili duen euskara kritikatu du udalerriko Sasiburu elkarteak. “25 azaroaren 5 abenduaren gorde 33% zure erosketak, berriz, gidatzeko tokiko ekonomia. Lortu zure bonus eta gástalos batean establezimendu parte hartzen duten kanpaina” bezalakoak irakurri ahal izan dituzte herritarrek. "Harrituta eta haserre”, agertu da elkartea.

Webguneko atariko orrian ezik gainontzeko guztietan "euskara ez den beste hizkuntza bat" erabiltzen dela eta bonua erosteko dokumentu osagarria gaztelania hutsean dagoela gehitu du Sasiburuk. Elkarteak salaketa aurkeztu ostean euskarazko bertsioa kendu dute webgunetik, eta gaztelaniazkoa bakarrik utzi dute irakurgai.

Arduradunak eta erantzukizunak

Gaztelaniazko bertsioan halako akatsik egongo balitz “webgunea segituan itxiko lukete eta kritikak barra-barra entzungo lirateke”, ziurtatu du Sasiburuk. Horrek guztiak “arduradunak dituela” adierazi du , eta Barakaldoko alkatea, ekimenaren arduraduna den Udaletxeko Pertsonal Saileko arduraduna, Ingurualde kanpainaren erreztailea eta Drowers agentzia diseinatzailea egin ditu “barakaldar guztien hizkuntza-eskubideak ez errespetatzearen” errudun. “Inork ez du gainbegiratzen publiko jarriko diren dokumentuak?” galdetu du elkarteak.

Eragile bakoitzak “bere hausnarketa egin dezala” eskatu du Sasiburuk. Arduradunen barkamen publikoa, “behar den bezala itzulita egon arte” webgunea blokea dezatela eta halako gertaerak berriz gerta ez daitezen behar diren baliabideak jartzea galdegin du euskara elkarteak.