2023an B1 maila eskatu zuen udalak kale garbitzailea posturako, baina horren kontrako epaiak eman zituten Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek. Epai horien aurkako helegiteak atzera bota dituzte orain. Hizkuntza eskubideen urraketei "tinko eta duintasunez" erantzungo dietela adierazi dute EH Bilduk eta EAJk.
Pasaiako Udalak kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko prozesua hasi zuen 2023an. Prozesu horretan parte hartzeko, oinarrizko hizkuntza mailaren baliokidea den B1 hizkuntza eskaera beharrezkoa zen, euskarazko arreta bermatzeko. 2024ko apirilean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek bi epai ezarri zituzten hizkuntza eskakizunen kontra, horiek diskriminatzailetzat jota. Horren aurrean, helegitea jarri zuen udalak 1982ko Euskararen Legeari jarraiki. Legeak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko betebehar batzuk ezartzen dizkie erakundeei. Donostiako Auzitegiko 3. zenbakiko beste epaile batek helegitea atzera bota du.
EH Bildu eta EAJren ohar bateratua
EH Bilduk eta EAJk ohar bateratua argitaratu dute. Azaldu dute auzibidearekin jarraitzeko asmoa dutela, eta kasaziozko bi helegite aurkeztu dituztela jada, Berriak jaso duenez. Alderdiek uste dute justizia auzitegiek ez dutela kontuan hartzen 40 urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko garatutako lege eta araudi markoa, ezta udal langileek hizkuntza eskakizunak betetzeko jaso dituzten baliabideak eta egindako ahaleginak ere.
Bide beretik, "legea aldatu beharra" dagoela aldarrikatu dute, "agerikoa" delako gaur egungo araudiarekin ezin dela hizkuntza politika "berdinzale" bat burutu. Ondorioz, eskaera luzatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Legebiltzarari, "udalok euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege egokitzapenak ahalbidetu ditzaten". Gogoratu dute epaiak "herritar guztien hizkuntza eskubideen aurkakoak" direla eta ez "soilik" udal baten aurkakoak.
Aholku Batzordea berretsi da
Bokale Euskararen Pasaiako Aholku Batzordeak adierazi du lehen ebazpen judiziala kaleratu zenean emandako erantzuna gogora ekartzen dutela oraingoak. Emandako erantzunean aldarrikatutakoa berretsi dute eta zera esan dute: "Udalari helegitea jartzeko eskatzen diogu udalarekin euskaraz komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak urratu ez daitezen". Pasaian "euskararen normalizazioaren prozesuan atzera ez egiteko" ere eskatu diete alderdiei. Euskal jendarteari eskatu diote euskaraz bizi eta "harrotasunez" erabiltzeko.