argia.eus
INPRIMATU
“Euskara erdigunera” kanpaina abiatuko du Euskal Herrian Euskarazek
  • “Aski da! Euskara erdigunera” lelopean, kanpaina egingo du EHEk datozen asteetan. Pandemiaren krisiari aurre egiteko edozein berreraikuntza proposamenetan erabakien erdigunean euskarak egon behar duela nabarmendu du elkarteak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 25
Ahotsa.info

Krisiak agerian utzi du instituzio eta eragileentzat erdarak direla ezinbesteko eta euskara aldiz, aukera bat. Hala uste du EHEk, eta horregatik aldarrikatu dute gure hizkuntza erdigunera ekartzeko beharra. Berreraikuntza proposamenetan euskarak egon behar duela diote, eta ez modu sinbolikoan, hainbatetan egin ohi den moduan. “Are gehiago, ez da bakarrik euskarak egon behar duela, etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntzak euskaratik eta euskaraz izan behar du. Euskara egitasmo guztietan zehar-lerro izan behar da”.

“Komunitate autozentratua izateko burujabetza ezinbestekoa dugu, euskararen etorkizuna erabaki eta normalizazio osoa lortzeko”, gaineratu du elkarteak oharrean. “Dugun erronkaz jabe egin behar gara euskaltzaleok. Azken hamarkadetan Euskal Herriaren berreuskalduntzean aurreratutakoa irabazpidean jarri eta helburura jauzi egiteko erantzukizuna dugu. Mendekotasunetik askatu eta burujabe izateko unea dugu, euskaldun gisa eta herri gisa. Euskara itxialdian geratu ez dadin”, diote.